INFO

Ardura nagusitu da Zestoan: herria itxita, covid-19ko 30 kasu pilatu ostean

Lakuako Gobernuak agindurik eman ez badu ere, Zestoako herriak bere kabuz hartu du konfinatzeko erabakia, azken egunetan 30 positibo pilatu ostean. Zerbitzu publikoak eta tabernak itxita daude.

3.700 biztanle ditu Zestoak. (J.C. RUIZ/FOKU)

Ardura nagusitu da Zestoako herrian. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak hartu duen aginte bakarretik horrelako erabikirik eman ez bada ere, Udalak eta auzokide gehienek etxean egoteko hautua hartu dute asteburuan, covid-19a herrian egiten ari den aurrerakada ikusita.

Osasun Saileko azken balantzea ostiralean eman zen, eta hor oraindik ez zen egoeraren benetako larritasuna azaleratzen. Positibo bakarra agertu zen asteartean, sei asteazkenean eta bost ostegunean. Mikel Arregi alkateak (EH Bildu) baieztatzen duenez, ordea, 30 kasu inguru pilatu dira jada igandera iritsita. Gaur astelehenean gaurkotuko du informazio hau Lakuako Gobernuak.

Gauzak honela, zerbitzu publikoak eteteko erabakia hartu du Udalak: itxita daude polikiroldegia, liburutegia, gaztetxea... «Udaletxea irekita egingo da baina herritarrei Udalarekin egin beharreko gestio guztiak ahal bada telefonoz edo internet bidez egitea eskatzen diegu. Eta, horrela ezin bada, egin beharrekoak apur bat atzeratzea», zehaztu du.

Eskolan ere dozenaka ume konfinaturik dago, koronabirus sartu izanaren zantzuak direla eta. Eta tabernak itxita daude. Neurri hauek guztiek zuhurtziaz jokatzeko beharra dute oinarri, birusaren afekzioa zenbatekoa eta nola garatzen ari den egiaztatu arte behintzat.

Iñigo Urkullu lehendakariak «aginte bakarra» hartu zuenean konfinamendu selektiboak edota bestelako murrizketak ezartzeko aukera aipatu zen baina ez da erabili (aurretik bai, Osasun Sailaren aginduen bitartez, Ordizian, Tolosan, Ermuan...). EH Bilduk gidatzen dituen zenbait udalerritan, aldiz, honelako kontrol neurriak bultzatzen ari dira, koronabirusaren hazkundeari aurre egiteko: Azpeitian izan zen duela aste batzuk, Zestoan orain...