Txoriak, familia, albuma
Badaude familiaren inguruko gogoetak egiteko aukera formal eta narratibo desberdinak, hor dira ‘El Padrino’, ‘Roco y sus hermanos’ edo ‘Capturing the Friedmans’ bezalako lan bikainak. Idealizaziorik gabeko behaketa egitea zaila da baldin eta zuzendaria, familiaren parte bada. Bestetik, ulertu ezin dezakeguna asmatu, imajinatu egiten dugu. Familia askotan gertatutakoak ulertu ezinak dira, bizitzak bide honetatik edo bestetik eraman egiten gaituelako, haizeak hostoak mugitu egiten dituen bezala, kontrolik gabe.
Catarina Vasconcelosen ‘La metamorfosis de los pájaros’ ikusteko aukera izan dugu Zabaltegi Tabakaleran. Familia abiapuntutzat hartuta, bizitzaz eta heriotzaz ari den filma-erretratua da. Ardatza hori izanda, oinarrizkoa, narrazioaren adarrak ugaritu egiten zaizkio enbor klasikodun kontakizun honi. Off ahots ugarik, bitakora kaiera baten antza hartuta, belaunaldi desberdinen pasarteak irudikatzen dituzte filmean. Abiapuntua, zuzendariaren aititek eta amamak bizitakoak dira; aititek marinela itsasoan bizitza bat igaro zuen, amama landareen maitalea, seme alabekin eguneroko paralelo batean igaro zuen. Familiaren pasarteak, gogoetak, sentipenak eta baita ere garapenak kontatzen dizkigu Vasconcelosek. Batzuetan, edertasun formalean bahitzen du bere kondaira, natura hilak eta errekurtso formalen galeria amaiezin baten erakusketa bat eginez. Ez da erraza filmean sartzea, bestelako begirada bat eskatzen du, ikusleari ahalegina eskatzen dio. Distantzia bat mantentzen probokatzen du bere estiloarekin, baina era berean, Bretch en ariketa bat balitz, ziztada egiten duenean, hunkitzera kondenatzen du gure begirada. Artelana da ‘La metamorfosis de los pájaros’.