Ekonomikoki justifikatu gabe, soldataren %20 jaitsierak eskatu dizkie Baikok, banaka, pilotariei
Joserra Garaik ez du kontuan hartu pilotariek talde bezala bilera bat izateko egindako eskakizuna. «Pilotari bakoitza banaka presionatzea eta gure batasuna usteltzea bilatzen dutela» uste dute kolektiboko kideek.
Posturak gerturatzetik urrun, Baiko eta bere plantilako pilotarien gehiengoaren arteko harremanak sekula baino okerrago daude, pilotari talde honek gaur bertan bidalitako oharraren arabera.
Bertan salatzen dutenez, «enpresak gure eskaeren aurrean adierazi duen isiltasunaren aurrean, kolektibo honek hasieratik erakutsi duen lankidetzarako eta elkarrizketarako jarrera berarekin jarraitu du. Jarrera horren erakusgarri, kolektiboak 2020-9-23an bidalitako burofax bat izan zen. Bertan, enpresako zuzendaritzarekin bilera bat egiteko nahia adierazi genuen». Burofax horren frogaririarekin batera igorritako oharrean diotenez, «kolektiboak bidalitako burofaxaren aurrean enpresak emandako erantzuna prentsaurrekoaren ondoren jaso genuen bera izan da: isiltasuna, beti bezala, ez entzunarena egitea», gaineratu dute.
Banakako proposamenak
«Aldiz, enpresak, kolektibo gisa onartu beharrean, banakako bileretara deitu gaitu. Banakako bilera horiek, soldata % 20 jaisteko banakako proposamenarekin batera etortzeaz gain (enpresak ekonomikoki justifikatu ez digun jaitsiera), pilotari bakoitza banaka presionatzea eta gure batasuna usteltzea bilatzen dute», diote oharrean.
Era berean, gaur bertan, enpresarekin zuen harremana amaituta profesional izateari utzi dion Jon Mariezkurrenari babes osoa erakusti nahi diote. «Pilotari gaztea, etorkizun handikoa, tratu eta lan kontratu duinak jasotzeko besteko kirol merituak egin dituena. Zoritxarrez, ez ditu ez bata ez bestea jaso».
Amaitzeko, «bihotzez eskertu nahi ditugu pilota elkarteen eta pilotazaleen aldetik jaso ditugun babes-adierazpen guztiak, bai kolektiboak bai indibidualak. Energia iturri handia zarete guretzat une zail hauetan». «Guk gure eskubideak eta gure kirola defendatzen jarraituko dugu, esku pilota».