INFO

Quim Torrak hasi bezala eman dio amaiera agintaldiari, preso politikoak bisitatuz

Generalitateko presidente ezgaituak, Quim Torrak, Kataluniako preso politikoak bisitatu ditu astearte honetan Lledonersen, duela bi urte Kataluniako kartzelan sartu zituztenean bezala. Komunikabideei egindako adierazpenetan, Torrak presoen amnistia eta autodeterminaziorako eskubidea erabili ahal izatea eskatu dio espainiar Gobernuari.

Torrak preso politikoak bisitatu ditu ezgaituta izan ondoren. (Pau BARRENA/AFP)

Quim Torra Generalitateko ezgaitutako presidenteak Lledonerseko kartzelan preso dauden independentistak bisitatu ditu astearte honetan, Auzitegi Gorenak desobedientziagatik inhabilitatu eta biharamunean.

Goizeko 11.00ak baino leheneago Lledonerseko espetxera iritsi da, Sant Joan de Vilatorradan; bertan daude Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez.

Duela bi urte, presidente kargua zin egin zuenean, politikari presoei egin zien lehen bisitetako bat Lledonerseko kartzelara eraman zituztenean izan zen.

«Amnistiarako eskubidea»

Quim Torrk dei egin die PSOEren Gobernuari eta Kataluniako alderdi guztiei amnistia-lege bat bultzatzeko «preso politikoentzat eta 2.850 errepresaliatuentzat».

Hala esan du komunikabideei egindako adierazpenetan preso independentistak bisitatu ondoren. «11 hilabete igaro ondoren, Estatuko Gobernuari eskatzen diot Kataluniako gatazka konpontzeko, eta horretarako amnistia eta autodeterminaziorako eskubidea behar dira», azpimarratu du Torrak, eta nabarmendu du irtenbide bakarra dela orain arte «irtenbiderik gabeko kalezulo» bat izan denetik ateratzeko.

Torrak azpimarratu du Kataluniako gatazkari buruzko elkarrizketa mahaiak «idatziz» jarri behar duela autodeterminaziorako eta amnistiarako eskubidearen erabilera aztertuko duen gai-zerrendan. «Gertatzen zaigun guztia gorabehera, negoziazio mahai honetan gaude, baina autodeterminazioaz eta amnistiaz hitz egiteko. Idatziz ikusi nahi dugu. Nahikoa dira alferrikako argazkiak eta bilerak ustezko elkarrizketa antzezteko», azpimarratu du.