Badaezpada, Bilbao Basketek hobe du lehenengo garaipena lortzea Obradoiroren aurka
Uneotan azken postuan daude bilbotarrak, jokaturiko hiru partidak galdu ostean. Aldiz, galiziarrak bigarren doaz sailkapenean, hiru norgehiagoka segidan irabazita.
Ongi hastea egin beharreko lanaren erdia bada, oraindik lan handia geratzen zaio RETAbet Bilbao Basketi. Hiru jardunaldi baino ez dira igaro, baina ACB Ligako azken postuan daude bilbotarrak oraindik garaipenik lortzeke. Aurkari zailak izan dituzte aurrez aurre eta talde oso eraberritua izanik, oraindik ere koordinazio falta begibistakoa du Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak. Alabaina, ez dauka penatan galtzeko astirik Bilbao Basketek eta larunbat arratsaldean, 18.00etatik aurrera Miribillan jokatu behar duen neurketa aurrera atera behar du, behar baino arinago urduritasuna eta beldurra bizkaitarren artean hedatuko ez bada.
Hala ere, Mumbruk «presio», «irabazi behar» eta halako adierazpideak ahalik eta urrunen mantendu nahi ditu. «Ez dugu derrigor irabazi behar, bai zera! Derrigorrez egin behar dugun gauza bakarra saskibaloi maila ona ematea da. Kitto. Egunero lan egin behar dugu taldea ahalik eta ongien uztartzeko eta gure maila igotzen joateko, baina ez dugu derrigorrez irabazi beharrik», azpimarratu du.
Aurkariaren «dinamita»
Aurkaria Obradoiro da. Galiziako taldeak ez du bere izena dela-eta beldur handirik sortzen, baina 2020/21 denboraldia 3-0 hasi dela eta ACB Ligan bigarren postuan dagoela esanez gero, kontuak asko aldatzen dira. Moncho Fernandez historikoak zuzentzen duel taldeak ere fitxaketa ugari egin ditu udatik hona, baina betiko moduan, lan aparta egin duela dirudi eta fitxaketa berriak lan bikaina ari dira burutzen.
«Obradoirok dinamita dauka, nola kanpotik hala barrutik», onartu du Alex Mumbru entrenatzaileak partida bezperan eskaini duen prentsaurrean. «Birutis eta Cohen sasoi puntu egokian dauden pibotak dira eta Enoch zein Daumekin barruko joko gogorra osatzen dute. Eta horiei kanpotik Robertson, Beliauskas, Czerapowicz, Oliver... gehitzen badizkiegu, ez da harritzekoa egiten ari diren denboraldi hasiera bikaina», gaineratu du.
«Biok ere talde berria josi dugu, baina batzuooi gehiago kostatzen zaigu jokalari berri guztiak ezkontzea», iritzi dio Badalonako entrenatzaileak. «Atzean sendotasun apur bat gehiago behar dugu, eta aurrean gehiagotan asmatzea, besterik gabe. Bartzelonaren aurka %30 baino gutxiago asmatuta lehiatzen saiatzea ezinezkoa zen», esan du, adibide gisa. Osterantzean, bere lantaldea «lanean fin» dabilela onartu du. «Baloia gero eta hobeto elkarbanatzen dugu eta defentsan ere aurrera pausotxoak ematen ari gara, arazoak arazo», iritzi dio.
Larunbatera begira, Quentin Serron jokatzeko gai ez ote de den izango «zalantza handiak» erakutsi ditu Mumbruk. Aldiz, naiz eta Ondrej Balvinek bizkarreko arazoak izan, «%99an ziurta nezake jokatzeko moduan izango dela».