INFO

1978ko sanferminetako gertaeren ondotik jarritako kereila berriz artxibatu du epaileak

Iruñeko 5. epaitegiko titularrak berriz ere artxibatu du German Rodriguezen erailketaren inguruko kereila, «afera epaitua» dela argudiatuz. Sanfermines-78: Gogoan! elkarteak jakinarazi du apelazio errekurtsoa jarriko dutela.

A pesar de la pandemia, este año también numerosas personas se acercaron al homenaje a Germán Rodríguez. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Sanfermines-78: Gogoan! elkarteak, German Rodriguezen senideek, gertaera haietan zaurituriko pertsona batzuek, Iruñeko Peñen Federazioak eta Iruñeko Udalak jarritako kereila berriz ere artxibatu du, nafar hiriburuko 5. epaitegiko titularrak. «Afera epaitua» dela argudiatu du, «salaketaren xede diren gertaerak aldez aurretik beste prozedura batzuen xede izan zirelako».

Elkartearen iritziz, duela 40 urteko artxibo «moztu eta itsasi» egin du epaileak. «40 urte iragan dira Justiziak bertze aldera begiratu eta ezin zela poliziarik epaitu  adierazi zuenetik, eraso kriminal hartan izandako erantzukizuna zehazterik ez zela iritzita. Bada, orain, 5. Epaitegiak artxibo-auto horiek moztu eta itsatsi egin ditu eta errepikatu digu orduan erran zigutena».

«Erabateko desadostaduna» agertu du plataformak. «Lehenik eta behin, Epaitegi Gorenak adierazi duenari jarraikiz, ezerk ez baitio galarazten auzitegi bati gertaerak ikertzea, aldez aurretik beste batek horri uko egin ondoren,  froga berriak daudenean, kasu honetan bezala». Bestetik, gizateriaren aurkako krimenei Nazioarteko Zuzenbidea aplikatzea «lehenetsi eta galdatzekoa» delako, «espainiar legerian berezko tipifikazioa izan edo ez».

Gertatutakoa «ez zela ustekabekoa» izan defendatu dute, «aldez aurretik pentsatua baizik». «Polizia eta Barne Ministerioaren baitan sorrarazitako benetako krimena da eta haren erantzule politiko nagusiak Martin Villa orduko ministroa eta UCDren Gobernua dira».

Hori dela-eta, apelazio-errekurtsoa jarriko dutela baieztatu dute. «Espainiar justizia gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko prest egoten da, beti ere beste lurralde batzuetan gauzatu badira», adierazi dute Txileko Pinochet, Argentinako Scilingo edo El Salvadorreko Montano gogora ekarriz. «Baina ez berean; aitzitik, uzkur da, azken finean gaizkide, frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenak jazarri eta epaitzeko», haien kasuaz gain, Gasteizko martxoaren 3ko gertaerak, Jurramendiko erailketak, Madrilgo aste beltzekoak eta Amnistiaren aldeko II. astean gauzaturiko erailketak aipatuz.