Tamara Carrasco CDRetako kidea absolbitu egin du epaileak
Tamara Carrasco Kataluniako Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR) kidea absolbitu egin du Bartzelonako epaile batek, desordena publikoen deliturik ez duelako ikusi. Guardia Zibilak Carrasco atxilotu zuen WhatsApp bidez zabaldutako mezu baten ondorioz eta «terrorismoa, matxinada eta albaramendua» leporatu zioten hasieran. Urtebete egin zuen Viladecans herrian konfinatuta.
Bartzelonako epaile batek absolbitu egin du Tamara Carrasco, ez baitu ikusten desordena publikoen delitua burutu zuenik. Epaiak ondorioztatzen du WhatsApp bidez lagun talde bati zabaldutako audio mezuak, Errepublikaren Defentsarako Batzordeen (CDR) batzar baten edukiarekin, ez zuela «kontsignarik» eman desordena publikoak sustatzeko.
Joan den irailaren 28an egindako epaiketan, Fiskaltzak zazpi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zion Carrascori, 2018ko Aste Santuan errepide mozketei eta CDRek egindako beste ekintza batzuei buruzko «jarraibideak» eman zituelakoan. Akusatuak, ordea, «Estatu operazio» baten biktima zela salatu zuen.
Epaileak ez du «oso seriotzat» jotzen du Carrascok lagunekin txat batean zabaldutako audioa nola lortu zuen ez zehaztea —horretan oinarritu ziren auzia eta ekintzailearen aurkako akusazioa—, «terrorismoa, matxinada eta sedizioa» bezalako delitu «hain larriak» ikertzeko.
Gainera, azpimarratzen du Guardia Zibilak ez duela egiaztatu Carrascok mezua publikoki zabaldu zuenik; izan ere, Polizia militarrak bere atestatuan audioa zabalki zabaldu zela adierazi besterik ez zuen egin.
Epailearentzat, akusatuak audioaren zabalkunde publikoa egin zuela frogatu ezin izanak ekarriko luke berak absoluzioa ematea. Ebazpenean, gainera, epaileak adierazten du ezin izan dela frogatu Carrascok CDRetan koordinazio funtzioak betetzen zituenik.
Urtebete bere herrian konfinatuta
Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2018ko apirilaren 10ean atxilotu zuen Carrasco «terrorismoa, matxinada eta sedizioa» leporatuta eta Auzitegi Nazional espainolera eraman zuten, baina epaileak aske utzi zuen, desordena publikoak egotzita eta beste hiru delituak baztertuta. Hori bai, kontrol neurriak ezarri zizkion, horien artean Viladecans bere herritik atertzeko debekua. 2019ko maiatzera arte egon zen konfinatuta.