Emozioen lanketa eta irakasleen jarrera ulerkoiagoa izatea aholkatu ditu Haurrak Ere Bai elkarteak
Ikastetxe askotan eskolara itzultzeko planak «itxura militarra» hartu duela iritzita, modu gizatiarrago batean eskolaratzeko proposamenak helarazi dizkio Haurrak Ere Bai elkarteak hezkuntza komunitateari. Bitartean, Lakuak ezarritako protokoloa «abolitzeko» lanetan dihardutela azaldu dute.
Lakuako Gobernuak eskola presentzialen itzulerarako diseinaturiko protokoloak «itxura militarra» daukala iritzi du Haurrak Ere Bai elkarteak. Abuztuaren 30ean proposamen bat aurkeztu zuen baina Hezkuntza Sailaren protokoloa diseinatzeko orduan ildo horiek kontuan hartu ez direla ikusita, gomendio batzuk helarazi ditu eskolaratze «gizatiarragoa» bermatu dezan hezkuntza komunitateak.
Lakuak ezarritako protokoloa aldarazteko borrokan dabiltzala gogoratu du –«argi utzi nahi dugu, gure nahia, gobernuak inposatutako protokolo horren abolizioa dela»– baina, bitartean, hezkuntza komunitateak aldatu ditzakeen jarrerak proposatu ditu.
Harrera emozionalaren lanketa eta kanpo espazioen erabilera gehitzea funtsezkotzat jotzen ditu, musukoen erabileran salbuespenezko egoera gehiago ezarri eta tenperatura hartzeko moduan ere aldaketak zehaztu ditu.
«Haur eta nerabeak emozionalki lagunduak izateko beharra ezinbestekotzat jotzen dugu, izan ere, etapa hauetan ezartzen baitira helduaroan osasun integral ezin hobe bat izateko oinarriak», azaldu dute.
Ikasleekin osasun krisialdi honetan bizitakoaz hitz egiteko aukera eskaintzea proposatzen dute, kezkak eta beldurrak plazaratzeako modu antolatu eta sistematiko batean egitea, eta ez tarte hutsal batean.
Bestalde, jarrera disidenteren bat dutenean, dela musukoa jaitsea edo burbuila taldekoa ez den lagunen batengana hurbiltzea, irakasleak jarrera hori bideratuko duen modua kontuan hartzea eskatzen dute, beldurrean oinarritutako edo modu militarretik aldendu eta «ulerkotasunetik hitz egitea onetsiz».
Emozioaren lanketarekin batera, natura hezkuntzarako gune gehigarria izan dadila eskatzen dute eta zenbait argudioren artean, Munduko Osasun Erakundeak klaseak aire zabalean ematea gomendatzen duela jasotzen du, covid-19 birusaz kutsatzeko arriskua baxuagoa delako.
Musukoa, tenperatura, gel hidroalkoholikoa...
Musukoen erabilerari dagokionez ere, kanpo espazioak aproposak ikusten dituzte 1,5 metroko distantzia mantendu eta musukoa gutxiago erabiltzeko. Hala, «protokoloak aukera ematen duen zirrikitu oro erabiltzea eskatu, eta ikastetxearen aldetik ahalegina egin dezatela, arnas guneak sortu eta hala nahi duen haurrak aukera eduki dezan maskarila kentzeko».
Honekin lotuta, gorputz hezkuntzako saioetan kirola musukoarekin egitea «gehiegizkoa» irizten zaie eta horregatik, «berebiziko ahalegina egin beharko litzateke arnasa libreki hartzeko aukera izan dezaten».
Gurasoen parte hartzea ere sustatu behar delakoan daude, nahiz eta eskolako espazioetan sarrera eragotzi zaien: «Horrek ez du esan nahi gurasook ikastetxearekin elkarlanik egin ezin dugunik».
Tenperatura hartzeko modua bera ere arrotza dela-eta, modu natural eta goxoan egitea gomendatzen dute; ilaran banan-banan hartu beharrean, gelan sartu ostean, «lasaitasunez, galdetuz» egitea, alegia.
Gel hidroalkoholikoarean toxizidearekin ere kezkatuta azaldu dira, maiztasun handiarekin erabiltzeak ekar ditzakeen ondorioengatik. Ura eta txaboiaz garbitzeko aukera eskaintzearen aldekoak dira.
Eskolan gaixotzen diren haurrak momentu oro akonpainatuak egon daitezela ere aholkatzen dute, haien intimitatea gordetzeko isolamendu gela bat baliatuz, familia bila etorri arte.