INFO

Programa murriztuarekin eta aroari begira ospatuko da Herri Uzta festibala Uztaritzen

Herri Uzta ospatzen da udazkenero Uztaritzen, eta covid-19a izanik ere aurten ere horrela egitea deliberatu dute Herri Soinu elkartekoek, bereziki artistak sostengatzeko. Programazioa ostiral eta larunbatera mugatu behar izan dute, eta emanaldiak kanpoan izanik, eguraldiaren menpe daude orain.

Vianney Desplantes alboka jotzaileak Adar taldearekin joko du. (HERRI SOINU)

Urriaren 8tik 11ra izan behar zen Herri Uzta 9 eta 10ean eginen da soilik, suprefeturatik beste bi egunetarako programatuta zeuden emanaldiak egiteko baimenik ez dutelako eman. Onartuak izan diren ikuskizunak kanpoan egitekoak dira, eta hori horrela izanik, aroari begira egongo dira Herri Soinu elkarteko antolatzaileak eginen diren edo ez erabakitzeko.

«Festibala egitea deliberatu dugu, momentu honetan gure lehentasuna artistak programatzea delako. Profesionalak gogorki jo ditu krisiak, eta inportantea da emanaldiak izatea», adierazi du Herri Soinu elkarteko Sandra Pocheluk.

Orain kezka nagusia eguraldia da, larunbaterako euria aurreikusita baita: «Zailtasuna aroa izanen da, ez dakigu nola pasatuko den, zeren eta ez dugu barnean egiten ahal, 50 pertsona sartzen ahal dira. Hala ere artistak pagatuko ditugu». Emanaldiak egin edo ez, artistak ordaintzeko gastua onartuta zuten, jaialdiko antolatzaileendako dena urririk izatea lehentasuna baita.

«Azken momentura arte ez dugu deliberatuko eginen dugun edo ez. Benetan nahiko genuke mantendu, Iparraldean ez da fitsik egiten ari, eta inportantea da» gaineratu du Pocheluk.

Ostiralean Hiribehere pilota plazan Uztaritzeko txistulariak taldeak herriko bestetako giroa ekarriko du. Ondoren, Maider Martineau eta Arnaud Bibonnek osatzen duten Adar taldeak Xarneguko musika munduko beste tokietakoekin elkartuko dute. Hitzordu honetarako Vianney Desplantes alboka jotzailea gonbidatu dute plazara.

Larunbaterako programatua zen goizeko partea ezeztatua izan da, baina arratsalderako programatu diren musika eta dantza mantendu egin dira. 16.30etik goiti Madda eta Asierrek trikitia eta gaita elkartuko dituzte, Bilakako taldekideek hiru pieza labur dantzatuko dituzte, Getaria dantza taldeak ‘Arima’ ikusgarri laburra emanen du eta Habiako hiru ahots eta hiru sokek jaialdiari bukaera emanen diote.

Arrakastaren biktima

Iganderako Mutxikoaren Eguna hitzordu jendetsua programatuta zegoen, eta hori kanpoan egiten bada ere, bere arrakastaren biktima izan da, normalean 1.000 pertsona inguru biltzen dituenez Gobernu ordezkaritzatik ez baimentzea deliberatu dute.

Ostegunerako aurreikusita zegoen Kiki Bordatxoren animazioa ezeztatua izan da, barnean izanik indarrean dauden neurriekin jende arras gutxi sartzen ahal zelako.