Jose Javier Zabaleta erabat prest dago etor dakizkioken erronkei aurre egiteko
Eskuin eskua erabat osatuta, Etxarrengo atzelariak sekulako partida jokatu du eta Elezkano on batek lagunduta, 14-22 irabazi diete Olaizola II.a-Urrutikoetxeari finalaren atariko azken frogan.
Esku pilotaren inguruan dauden hamaika galderen artean, nagusietako bat datorren igandeko Binakako finalarekin zer gertatuko den da. Bi enpresen karteleran Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Ezkurdia-Martija agertzen da, enpresek argi dute ez dagoela urriaren 18a ez den beste datarik, baina esanguratsua da momentuz ez dagoela partida horretarako sarrerak erosteko modurik. ELAk jarriko duen salaketaren ondoren, epaitegiek asko izango dute esateko, baina osasun kontuek ere izango dute zeresanik, Julen Martijak etxean bakartuta jarraitzen baitu, covid 19an positibo emanda. Asteazkenean Etxeberrikoari egingo dioten PCR frogak argituko atzelari nafarraren inguruko zalantzak, bertan negatibo emango balu, justu-justuan, baina finala jokatzeko moduan egongo litzatekelako, nahiz eta azken 10 egunak etxetik irten gabe eman. Kontrakoa pasako balitz, araudiari erreparatuta, Jose Javier Zabaletak hartuko luke haren lekua.
Zabaletak berak argi utzi du finala Julen Martijak jokatzea gustatuko litzaiokeela, baina edozer gerta ere, azken hiru hilabeteetan eskuin eskua erabat osatu ezinda aritu den etxarrendarrak, etor dakionerako erabat prest dagoela berretsi du gaur Tolosan, Danel Elezkano on batek lagunduta, balizko final horretan arerio izango lituzkeen Olaizola II.a-Urrutikoetxeari nagusitasunez irabazita. Lehen pilotakadatik argi geratu da Zabaletak beldurrik gabe sartu diola eskuina pilotari, asko gozatu du pilotakada bakoitza eta etxarrendarra horrela dagoela, oso zaila da geratzen. Aurreko astean defentsa txundigarria erakutsi bazuen ere, gaurkoan Mikel Urrutikoetxeak asko sufritu du pareko pilotariaren joaren aurrean –Ezkurdia-Martijaren aurka pilotarik galdu ez bazuen gaur 7 bota ditu– eta denbora guztian korrontearen aurka aritu behar izan du.
Elezkano, eraginkor
Bere herrikidea den Danel Elezkanok atzo Gernikan ez bezala, aukerako pilota horietan zuloak oso ondo aurkitu ditu eta ia partidaren hasiera-hasieratik hartu dute markagailuaren agintea. Launako berdinketaren ostean, urdinek partida hautsi dute 0-7ko partzial batekin eta hortik aurrera abantaila arazo handirik gabe kudeatu dute.
Izan ere, irabaztea beti ona eta gomendagarria den arren, Olaizola eta Urrutikoetxearen buruak hurrengo igandeko finalean daude aurreko astetik eta inork baino hobeto dakite mailarik euren mailak eta partidaren garrantziak gorengo partean bat egiten.
Fitxa teknikoa:
Olaizola II.a-Urrutikoetxea: 14
Elezkano -Zabaleta:22
Pilotakadak: 465. Iraupena: 54,02 minutu. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-11, 5-11, 5-12, 9-12, 9-13, 10-13, 10-18, 12-18, 12-21, 13-21, 14-21, 14-22. Sakeak: 1 Olaizola II.ak eta 1 Elezkanok. Tantoak: 6 Olaizola II.ak, 1 Urrutikoetxeak, 9 Elezkanok eta 0 Zabaletak. Hutsak: 5 Olaizola II.ak, 7 Urrutikoetxeak, 1 Elezkanok eta 5 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera oso exkaxa Tolosako Beotibarren.