INFO

BBK Live-k zortzi kontzertu eramango ditu Bilboko aretoetara

Hirian zikloaren barruan, zortzi kontzertu eskainiko ditu BBK Live jaialdiak Bilboko areto ezberdinetan, urriaren 30 eta 31ean. Rodrigo Cuevas, Fuel Fandango, Ana Tijoux, Mujeres, Cariño, Paula Cendejas, Nögen eta Eñaut Elorrieta artistek hartuko dute parte.

Nögen gipuzkoarrak, Naiz Kontzertuetan. (Gaizka PEÑAFIEL)

BBK Live jaialdiak zortzi kontzertu eramango ditu Bilboko areto ezberdinetara, Hirian ekimenaren barruan. Makrojaialdiaren aurretik egiten den zikloa da Hirian, baina maiatzean bertan behera utzi behar izan zuten pandemiaren eraginez eta orain berreskuratuko dute, urriaren 30 eta 31ean, «gaur egungo egoerak eskatzen dituen baldintza berrietara egokituta baina zuzeneko musikarekin gozatzeko espiritu berdinarekin eta gogo handiagoarekin, hainbeste hilabetez zuzenekorik gabe egon ostean».

Berrikuntza nagusia Hirian «bi aldiz handiagoa» izango dela da, egun bakarrean egin beharrean bi egun hartuko baititu zikloak eta guztira zortzi kontzertu eskainiko dira. Agertokia ere aldatuko da, oraingoan ez da Bilboko kaleetan izango, baizik eta kontzertu-areto enblematikoenetan: La Ribera, Itsasmuseum, San Mames Geuria!, BBK aretoa eta Alondegiko Auditoriuma.

Alondegian Rodrigo Cuevas asturiarra ariko da, «gaur egun Estatuko panoraman aurki daitekeen proposamen iradokitzaileenetako bat», antolatzaileen hitzetan. «Bere buruaz aztoratzaile folklorikoa dela dio, eta bai bere abestiak, bai oholtza gaineko ikuskizuna esperientzia ahaztezinak dira», gaineratu dute. Gune horretan bertan ariko da Fuel Fandango ere, «joeren eta tradizioaren arteko fusio berritzailearen beste adibide bat». Kasu honetan, formatu akustikoan ariko dira.

Itsasmuseum-era Latinoamerikako hip hoparen ordezkari den Ana Tijoux txiletarra igoko da, baita Paula Cendejas madrildarra ere. San Mames Geuria-n Cariñoren «pop freskoa eta lotsagabea» eta Mujeres hirukotea ariko dira, azken hauek ‘Siento muerte’ diskoa aurkezten. Azkenik, BBK aretoan Eñaut Elorrieta eta Nögen gipuzkoarrak ariko dira.

Segurtasun neurriei dagokienez, antolakuntzatik nabarmendu dute edukiera mugatua izango dela, sarrera mailakatua, eta segurtasun tarteak beteko direla. Sarrerak salgai daude BBK Live-ren webgunean.