INFO

Nortasuna berreskuratu beharra dauka Baskoniak Khimkiren aurka ezustekorik saihesteko

Jokalari gutxirekin badator ere Moskuko taldea, asteazkenean Real Madrilen aurka lanak eman zituen. «Jaurtitzaile bikainak dira eta Zaitsev lider naturalarekin, kontuz», ohartarazi du Dusko Ivanovicek.

Gogortasuna lehenengo mementotik behar du Baskoniak, iritzi diote bai Ilimane Diopek bai Dusko Ivanovicek. (Raul BOGAJO / FOKU)

San Petersburgoko Zeniten aurka jokatu gabe 20-0 urabazi ondoren –ikusi egin behar Euroligaren proposamena aintzat hartu eta partida hau jokatu beharko ote den azkenean–, Khimki jasoko du ostiral hontan TD systems Baskoniak Buesa Arenan, 21.00etatik aurrera. Euroliga eta covid-19ari loturiko berriek nolabait baretu dute Baskoniaren inguruan uneotan dagoen aho zapore mikatza, azken hiru norgehiagokak galdu egin baititu dusko Ivanovicen taldeak, entrenatzailearen ustez, «nortasuna galdu dugulako».

«Zeri deritzot anbizioa nik? Gure gaitasunak zeintzuk diren identifikatu eta ulertzeari. Gure nortasuna hiru puntutan oinarritzen da: defentsa zorrotza, transizio joko azkarra eta pazientzia. Puntu horiek ongi uztartuz gero, gure anbizioa oso handia izan liteke, edozein partidatan. Baina azken hiru neurketetetan galdu egin dugu definitzen gaituen nortasun hori, ez dugu-eta aurreneko jarduneladietako taldearen itxura eman. Hori berreskuratzea da gure betebehar nagusia», azaldu du dusko Ivanovicek Khimkiren aurkako partidaren bezperako agerraldian.

Koronabirusak eta bestelako lesioez jota, Khimki talde motza bezain berezia azalduko da Gasteizen. Janis Timma, Evgeny Voronov, Jordan Mickey, Greg Monroe eta Maxim Barashkov covid-19ak jota, eta Stefan Jovic, Alexey Shved eta Dairis Bertans, berriz, lesionatuta, izarrik gabe azalduko da ia Rimas Kurtinaitisek zuzentzen duen taldea. Hala ere, Ivanovic ez da fidatzen Moskuko taldeaz.

«Argi izan Laprovittolak hiruekoetan izandako egun bikainari esker izan ez balitz –zazpitik bost sartu zituen Real Madrileko hirugarren antolatzaileak–, Real Madril eta Khinkiren arteko lehiak oso estua behar zuen. Talde motza dute gaur egun, ados. Baina kontuz, jaurtitzaile apartak dira eta Zaitsev lider naturala buru dutela, oso arriskutsuak izan daitezke», gogoratu die kazetariei Montenegroko entrenatzaileak.

Erritmoa, ahalik eta arinen

«Euroligako partidak beti dira zailak eta ezin zara inortaz ere fidatu», dio, bere aldetik Ilimane Diopek. «Azken neurketak galdu egin ditugu, baina badakigu hau kirola dela, eta gaur goian bazaude, hurrengo berriz behera zoaz eta orain batekoz bestera joan behar dugu», iritzi dio Saski Baskoniako kapitainak.

Dakarren jaiotako pibot gasteiztarraren ustez, Burgosen aurkako bigarren zatiak izan behar du Baskoniaren jokoaren eredu, «baina lehenengo unetik». «Bigarren zatian gogorrago, indartsuago eta azkarrago jokatu genuen. Kontua da bigarren zatia hasi baino lehen ekin behar diogula martxa hortan», azpimarratu du Diopek.