INFO

Sukaldaritza eta bertsolaritza batuko ditu ‘Bertsoa sutan’ emanaldiak Chillida Lekun

‘Bertsoa sutan’ ekimen berritzaileak sukaldaritza eta bertsolaritza uztartzea du helburu eta, horretarako, parez pare jarriko ditu Bertsozale Elkarteak Aitzol Zugasti eta Maialan Cano sukaldariak eta Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak. Saioa larunbatean izango da, 17.00etatik aurrera, Chillida Lekun.

Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira ‘Bertsoa sutan’ saioan. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

Aurreko hilabeteetan egin bezala, Bertsozale Elkarteak datozenetan ere bertso plazaren aldeko apustua egiten jarraituko du, kultura eta, honenbestez, bertso plaza, segurua dela defendatuta. Txapelketak eta saioak ohiko moldeetan ezin egin direla ikusita, buelta bat eman diote egoerari eta beste nortasun bateko ekimenak antolatzen ari da. Norabide horretan kokatzen da larunbata honetan, Chillida Lekun prestatu duen ‘Bertsoa sutan’ emanaldia.

Proposamenak bertsoa eta sukaldea izango ditu protagonista. Janariaren eltzea egosten ariko dira Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariak; eta hitzen eltzeari eragiten berriz izango dira Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak. Bi plater hauen arteko oreka ematen, Maite Berriozabal ariko da gai jartzen.

Sukaldariek gastronomiari lotutako prozesu ezberdinen azalpenak emango dituzte, eta bertsolariak sukaldaritzari lotutako prozesu hauek bertsogintzara ekartzen saiatuko dira, gai jartzaileak lagunduta. Gainera, parte hartzaileek sukaldariaren prozesua streaming bitartez ikusi ahal izango dute, mugikorrak erabiliz.

Zaleei pintxo bat emango zaie saioaren hasieran, sukaldariak gidatuta dastatu ahal izateko. Bestalde, saioaren ondotik afaltzen geratzeko aukera ere izango da: Chillida Lekuko Lurra Café jatetxeak egun honetarako bereziki diseinatutako afari bat eskainiko du jende kopuru mugatu batentzat.

Saiorako sarrerak zein afarikoak museoaren atarian eskura daitezke eta museoa bera ere bisitatu daiteke harekin.

Bertsozale Elkarteak aditzera eman duenez,  datozen asteetan ezagutzera emango dituzte molde honetako hitzordu gehiago.