INFO
Interview
Asier Amondo
Korrikako arduraduna

«Korrika jendea da, kalea da... ez genuen ikusten beste modu batean»

Antolaketan aurrera egiten eta osasun egoerari adi, aurrera egin ala ez. Amondok kontatzen duenez, gauza asko aztertu dira baina, bermerik ez dagoenez, erantzukizunez, orain «stand by» eta 2022an, gauzak hobeto egongo direlakoan, berriro errepidera.

Asier Amondo. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Korrika urtebetez atzeratzea erabaki gogorra da.

Latza izan da, asko kostatu zaigu erabaki hori hartzea. Udaberri aldean eta udaren hasieran argiune batzuk ikusi ziren, baina gero zerua belzten joan da eta irailean ibili gara zer egin Korrikarekin zer ez egin, eta egungo egoerak agintzen duena da atzeratzea, ez dago bermerik ezer egin ahal izateko, abiatuta ere inork ez digu esango momentu batean gelditu behar izango ez dugunik… beraz, ez zegoen garantiarik ezer egiteko eta erabaki dugu urtebetez atzeratzea.

Korrikaren lehen etenaldia da?

Bai, lehenengo aldia da, zeren 80an Korrikarekin hasi ginenean urtero egin genuen, gero urte eta erdira eraman genuen, baina betiere guk erabakitako momentuetan edo guk erabakitako periodoetan egin izan dugu. Oraingo honetan 2021erako zen apustua, berez tokatzen zelako, eta pandemiari jarraitzen diona izan da atzeratua izatea urtebetez, eta azkenean Korrikaren zikloa ez dakigu aldatuko dugun, ez dugun aldatuko, hori ere eztabaidagai daukagu. Beraz, baditugu gauza asko aztertzeko, zeren azkenean atzeratze honek etorkizunean eraginak izan ditzake.

Zeintzuk dira eragin horiek?

Azken batean ziklo aldaketa bat dago; normaltasun berri honetan 2022an errepidera irteteko asmoa eduki badaukagu, baina ez dakigu honek ere zer giro izango duen, zelan egongo garen, oraindik ere zelako murrizketak egongo diren…Beraz, momentu honetan ziurgabetasuna da nagusi kontu hauekin guztiekin. Gure asmoa da 2022an Korrika normal bat egitea, baina ez dakigu zein egoeratan egongo garen, txertorik egongo den, pandemia desagertuko den… baina asmoa horixe da, 2022an gauzak hobeto egongo direlakoan berriro errepidera ateratzea.

Zer hausnarketa egin duzue?

Egon gara aztertzen, gaur egun dauden murrizketak kontuan izanda, mila lagun baino gehiago kalean... bermeak, segurtasuna, zelan kudeatu Korrika hori problematikoa izango litzateke geuretzat. Hiriburuetan zelan bermatu distantziak eta hori guztia. Bestetik, Korrika egiteko, ibilbidearen arabera, bost administrazioren aurrean baimenak eskatu behar genituen Burgos, Errioxa, Araba, Nafarroa, Iparraldea…, baimen horiek lortzen ez baditugu, ezezkoarekin ezin dugu Korrika egin. Badago inportantea den beste faktore bat, erantzukizuna. Egun bizi dugun egoeran, non gauza guztiak erortzen ari diren edo kentzen ari diren, esatea Korrika egingo dugula betiko parametroetan arduragabekeriaz jokatzea iruditzen zitzaigun. Nahiz eta guk gure baliabideak jarri, jendeak igual ulertuko ez lukeen kontua litzateke ezta? Orduan, horrexegatik erabaki dugu Korrika urtebetez atzeratzea.

Korrika den moduan ulertzen dugu, ez beste formatu batean.

Egoera honen aurrean, igual pentsatu beharko dugu hemendik aurrera zer izan daitekeen, baina egia da, Korrika kalea da, Korrika jendea da, euskara kalera ateratzea da, Euskal Herrian dagoen ekimenik handiena da eta ez genuen ikusten Korrika beste modu batean egitea, azken batean ikusten genuelako Korrika bera ere neurri batean pobretzea litzatekeela. Ikusten duguna da Korrikak kalean egon behar duela eta Korrikak euskararen aldarria Euskal Herriko bazter guztietara eraman behar duela, azken batean pentsatzen dugulako Korrika denona dela eta denok parte hartzeko aukera izan behar dugula.

Kolpe ekonomikoa ere bada.

Korrikak sustapen ekonomikoaren helburua ere badu, eta horrekin bilatzen dugu Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaltegi guztiek baliabide bertsuekin funtzionatu ahal izatea, eta hor ikusi beharko dugu horrek zer eragin izan dezakeen horretan, baina printzipioz AEKren konpromisoa da orain arteko zerbitzu bera ematea Euskal Herri osoan eta gure konpromisoa da ditugun erronkei ere aurre egitea. Horretarako, AEK oso erakunde dinamikoa da eta jakingo dugu egoera berrira moldatzen.