INFO

Zaintzako sektoreetan greba deitu du ELAk azaroaren 17an Hego Euskal Herrian

Pairatzen duten prekarizazioa salatzeko greba eguna deitu du ELAk azaroaren 17rako Hego Euskal Herrian pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan. Hego Euskal Herriko lau herrialdetan egingo da lanuztea.

Menpeko gizon bat eta bere zaintzailea.

ELAk azaroaren 17rako greba orokorra deitu du «lan merkatu formal prekaritzatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan» (adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak…). Grebara deituta daude Hego Euskal Herriko milaka langile.

Bestalde, «ezin ditugu ahaztu etxeko milaka langileak; hauei ez zaie greba egiteko eskubiderik aitortzen, ez eta lan eskubide oinarrizkoenak, baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan», gaineratu du ELAk.

«Jakina da zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daudela, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantzatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da», aldarrikatu du ELAk.

«Koronabirusak eragindako pandemia une historiko larria dugu, eta ezin dugu besterik gabe pastzen utzi. Zaintza sistemak eztanda egin du eta langileak ari dira, oraingoan ere, ondorioak pairatzen. Eurek sostengatzen dute milaka pertsonaren bizia, larrutik ordainduz, esplotazio fisiko, psikologiko eta emozionalaren pean. Egunez egun bizia jokoan jartzen dute, bitarteko oso urriekin, langile kopuru eskasarekin, baldintza latzetan. Gure ahotsa entzunarazi behar da hau berriz gerta ez dadin; aski dela esateko unea iritsi da», erantsi du sindikatu honek.

«Azaroaren 17ko grebak aldaketa historikoa eragin behar du sektore honetan; helburua da zaintza sistema publikoa bihurtzea, eta hau gure herrian lehentasun politiko izan dadin lortzea. Zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzeraino. Zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua», nabarmendu du.