INFO

Haurreskoletako mahai negoziatzailea biltzeko eskatu dute hezkuntzako sindikatuek

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailearen bilera eskatu dute eta bertan Hezkuntza Departamentuko ordezkari batek parte har dezan. Bilera hau egiten ez bada, sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte EAEko hiru hiriburuetan.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, protesta egin dute Gasteizen Haurreskolak Partzuergoko langileek. (Raul BOGAJO/FOKU)

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek salatu dute ikasturte hasieratik ez dela Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea bildu. Izan ere, langileen ordezkariek kritikatu dute Haurreskolak Partzuergoaren gerentea den Zorione Etxezarragak asteartean bilera batera deitu zituela iragarritako mobilizazioak saihesteko, baina azkenean Hezkuntza Saileko ordezkaria ez zela agertu.

Horren aurrean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Haurreskolak Patzuergoko gerenteari «benetako negoziazioa martxan jartzeko» exijitu diote, eta horretarako «Hezkuntza Saileko ordezkaria egotea ezinbesteko baldintza» dela adierazi dute. «Ez dago aitzakiarik ezta denbora galtzeko tarterik ere. Ikasturte honetan gerenteak aldebakarrez hartutako erabakiek langileon eskubideak eta haurreskoletako hezkuntza proiektua bera kokolan jartzen dituzte, eta horregatik langileontzat garrantzitsuak diren gaien inguruko negoziazioa martxan jartzea premiazkoa da», azaldu dute hiru sindikatuek.

Negoziazio-mahaiari dagokionez, kritikatu dute irailaren 8an Jokin Bildarratzek Hezkuntza sailburuaren ardura hartu zuenetik oraindik ere ez zaiela jakinarazi «nor den negoziazioetara etorri behar den Hezkuntza Saileko ordezkaria» eta jarrera hori «arduragabekeriatzat» eta «lotsagarritzat» jo dute.

Eskaerak eta mobilizazioak

Horregatik, eta asteazken honetan bildu behar den Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen aurrean, Etxezarragari eta Bildarratzi exijitu diote «benetako negoziazioa abiatzea», «aurreskoletako langileei eta hezkuntza proiektuaren bilakaerari eragiten dieten aldabakarrez hartutako neurriak berehala indargabetzea», «Hezkuntza Saileko ordezkari batek haurreskoletako mahai negoziatzailetan parte hartzea» eta «haurreskoletako lan hitzarmena eta bestelako araudiak betetzea».

Horrela izan ezean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek EAEko hiru hiriburuetan datorren asterako aurreikusita dituzten mobilizazioak mantendu eta mobilizazio dinamika indartu egingo dutela ohartarazi dute.