Jende andana Behobiako saltokietan konfinamendua aitzin erosketak egiten
Udaberriko konfinamendua hasi aitzin izan ziren irudiak errepikatu dira Behobia inguruko saltokietan. Ostiraletik aurrera Ipar Euskal Herrian indarrean izango den konfinamenduari aurre egiteko azken erosketak egitera bertaratu diren ohiko bezeroei Lapurdiko kostaldean oporretan diren bisitariak gehitu zaizkie.
Udaberriko konfinamentua hasi aitzin, martxoaren 16an izan ziren irudiak errepikatu dira gaur Lapurdi eta Gipuzkoa banatzen dituen muga inguruan. Estatu frantsesean oporretan dira ikasleak eta ondorioz Lapurdiko kostaldea bisitariz beteta da. Oporrak amaitu eta konfinamenduan sartu aitzin mugaren hegoaldean diren saltokietan azken erosketak egiteko baliatu dute azken eguna turista askok, baina baita ohiko bezeroek ere.
Goizeko 8.15ean, oraindik Behobiako Saiza eremuan dagoen tabako dendak bere ateak itxiak zituen, baina jada 25 laguneko jende ilara zegoen atean pilatuta denda irekitzeko zain, beraz, pasa den martxoan udaberriko konfinamendua hasi aitzin izan ziren irudien antza handia zuen gaurko argazkiak. Goizeko 11-30ean, ostera, 60 pertsonako ilara zegoen Behobiako Venta saltokiaren atarian. Batzuek ordu eta erdi zeramaten itxaroten eta bezeroen artean «tentsioa eta haserrea» nabari zela adierazi dio NAIZi bertan erosketak egiten izan den herritar batek.
Gauzak honela, hilabete batez etxean sartuta egon beharko duten herritarrek hornikuntza lanak aurrez egin nahi izan dituzte. Gainera, haietako asko beldur dira Estatu espainiarrak eta frantsesak muga ixteko erabakia hartuko duten eta, ondorioz, ahal duten bitartean beharrezko erosketak egiteko baliatu du herritar askok gaurko eguna.
Hain zuzen ere, udaberriko konfinamendua hasi aitzin muga inguruan hartu ziren irudiekin alderatuta gaurkoan izan den desberdintasunetako bat Poliziaren presentzia apala izan da. Autobideko ordainlekuan bi norabideetan ziren kontrolak salbu, Behobia inguruan ez zen beste kontrolik, baina Estatu frantsesean gaur gauerditik aurrera izango den konfinamenduarekin batera, Polizia frantsesaren presentzia ere ugaldu egin daiteke.