INFO

Iker Laurobak ‘Udaberria’ disko berriarekin emango dio jarraipena urtaroen hariari

Musikari donostiarrak urtaroen proiektuari segida eman dio eta ‘Udazkena’ eta ‘Negua’ kaleratu ostean, hilabete honetan bertan aurkeztuko du bere hirugarren ‘urtaroa’. Bakarka ondu duen bosgarren diskoa da ‘Udaberria’ eta dagoeneko aurreratu du izen bera daraman bideoklipa.

Iker Lauroba musikariak azaroan bertan kaleratuko du lan berria. (NAIZ)

Urtebete igaro da Iker Lauroba (Donostia, 1975) musikariak ‘Negua’ bakarkako bere azken lana argitaratu zuenetik. Pandemiak eta horrek musikaren munduan sortu dituen zailtasunengatik nabaritu den urtea izan dela adierazi du sortzaileak berak baina, hala ere, «hori ez da oztopo izan» abeslari donostiarrak bere helburu bikoitza betetzeko: bere bakarkako bosgarren lana argitaratzea, urteroko ohiko erritmoari jarraituz, eta lau urtaroei eskainitako diskoen bere serieari jarraipena ematea.

‘Udazkena’ deitutako lanarekin abiatu zuen urtaroen segida eta, iaz ‘Negua’ kaleratu ondoren, ‘Udaberria’ albumaren txanda izan da. Disko berriak aurreko bi lanen «aztarnak jarraitu» dituela aurreratu du eta, jakina, etorkizunean ‘Uda’ izenburuarekin itxiko du zikloa. «Udaberri subjetibo bat irudikatu dut, melodia goxoen loraldia dakarrena, abesti epelez josia. Orain arteko nire diskorik argitsuena da», adierazi du Laurobak.

Disko berria plataforma digital guztietan azaroaren hirugarren astean jarriko da eskuragarri zein salgai dendetan, baina sarrera moduan dagoeneko jaurti du diskoari izena ematen dion kantuaren bideoklipa. «‘Udaberria’ abestia, izen bera daraman diskoaren sintesi ezinhobea da. Pop eta rockaren artean dantzan dabilen kantu bat da, indartsua, hibernazio baten osteko kemena soinean daramana», gaineratu du egileak.

Kolaborazio ugari

‘Udaberria’-n, gainera, Iker Laurobak beste euskal artista batzuen laguntza ere izan du, batzuk ohikoak bere lan guztietan, eta diskoa osatzen duten hamar abestietako gehienak aberasten dituzte euren ekarpenekin. Besteak beste, Leire Berasaluze (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Josu Erviti (bateria), Nerea Alberdi (biolina, biola), Xabier Zeberio (biolina, biola), Urbil Artola (dobroa) eta Garazi Esnaolak (akordeoia) hartu dute parte.

Aurreko diskoetan bezala, Audiovisuals de Sarria arduratu da diskoaren alderdi editorialaz eta Markel Idigoras diskoaren diseinuaz, aurreko ‘urtaroen’ ildoari jarraituz.