INFO

Arkaitz Agirregabiria presoaren senideek istripua izan dute Lannemezanera bidean

Bisitara bidean gurpil bat lehertu zitzaienean ezustekoa hartu zuten asteartean Arkaitz Agirregabiria del Barrio euskal presoaren gurasoek eta adin txikiko alabak. Zorionez, gidariak autoaren kontrola mantendu ahal izan zuen eta autoan zihoazen hirurak ondo daude.

Agirregabiriaren senideen autoa, gurpila lehertuta. (ETXERAT)

Arkaitz Agirregabiria del Barrio euskal preso bilbotarraren gurasoak eta presoaren adin txikiko alabak istripua izan zuten asteartean, Estatu frantseseko Lannemezan espetxera bidean zeudela, Agirregabiria del Barriori bisita egitera.

330 kilometroko bidean, autoaren aurreko eskuineko gurpila lehertu zitzaien. Gidariak autoaren kontrola mantentzea lortu zuen eta ez zen ezbehar larririk gertatu.

Bisita, ordea, galdu egin zuten senitartekoek, nahiz eta aurrerago berreskuratzeko aukera izango duten.

Etxeratek eman du asteazkenean istripuaren berri bere Twitter kontuan. Urruntzea salatu du elkarteak eta, beste behin ere, «zoriak ezbeharrean ondorio larriagoak» izatea ekidin duela agertu.

Arkaitz Agirregabiria del Barrio Fresneseko (Estatu frantsesa) espetxean egon zen preso, harik eta 2028ko ekainean Lannezmezanera gerturatu zuten.