Mikel Mancisidorrek Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2020 saria jaso du
Mikel Mancisidor de la Fuente (Bilbo, 1970) Nazioarteko Harremanetan doktoreak jaso du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria Giza Eskubideak sustatzen egindako lanagatik. Aldi berean, Alexander Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaizak Gazte Saria jaso dute Xabier Leteren inguruko proiektu batengatik.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2020 sariak banatu dira asteazken honetan Bilboko Azkuna Zentroan. Ekitaldia mugatua izan da eta ikus-entzunezko bitartekoen bidez zabaldu da, eta Iñigo Urkullu Lakuako lehendakariak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak eta Txomin Garcia Laboral Kutxako presidenteak hartu dute parte.
Ana Urkizak gogorarazi du aurten Nazio Batuen Erakundearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen dela, eta horrek sari emate honi «oinarri esanguratsu eta interesgarria» eta «are zentzu osoagoa» ematen diola.
Mancisidor, aurtengo sariaren irabazlea, «mundu mailako giza eskubideen aurrerabiderako erreferentziazko figura» gisa definitu du Urkizak, eta eremu instituzional eta akademikoetatik kanpo aktibista gisa duen alderdia nabarmendu du.
Txomin Garciak Mikel Mancisidorrek «giza eskubideen defentsaren bidez benetako giza aurrerabidea lortzeko egindako ibilbidearen garrantzia» azpimarratu du.
Bere hitzaldian, Urkulluk nabarmendu du Mancisidorrek mundu akademikoari, ekimen sozialari eta nazioarteko esparru politiko-instituzionalari egindako ekarpena, bai eta ekarpen horiek giza eskubideen defentsan eta babesean izan duten «isla praktikoa» ere.
Gazte Saria
Alexander Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaizak II. Gazte Saria jaso dute, ‘Txori Kantazale. Xabier Lete Berrezagutzen’ lanagatik.
Laboral Kutxako eta Eusko Ikaskuntzako presidenteek positibotzat jo dute Gazte Sariaren proiektu irabazlea, «egungo formatuak erabiliz euskal ondare musikala eta poetikoa belaunaldi berrien artean zabaltzeko modu berriak planteatzen asmatzen duelako».