Euskarabideak Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzera animatu ditu herritarrak
Nafar Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak, Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuaren bitartez, euskaraz ulertzen duten herritar guztiei dei egin die Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzera eta Ahobizi edo Belarriprest gisa izena ematera.
Hilaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren harira, euskaraz ulertzen duten nafar guztiei ekimenean parte hartzeko deia egin die Euskarabideak.
Euskaraldiaren webgunean eman daiteke izena, baita hainbat herritan jarriko dituzten informazio-guneetan eta mugikorretarako sorturiko aplikazioetan ere.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du Euskaraldia, euskararen lurraldeko erakundeekin elkarlanean. Gobernu nafarrak, Euskarabidearen bitartez, entitate horrekiko lankidetza-hitzarmena du 2018tik, Nafarroan Euskaraldia antolatuz gizartean euskara erabiltzea sustatzeko.
Parte hartzeko erak
Euskaraldia ariketa kolektiboa da, euskaraz ulertzen duten herritar helduen hizkuntza-ohiturak aldatu eta hizkuntza horren erabilera areagotzeko eginikoa, eta euskararen lurralde orotan antolatzen dena. Jendartean euskara gehiago erabiltzea eta horretarako aukerak sortzea da xedea.
Belarriprest gisa izena emateko hautua egiten dutenek jarduerak irauten duen bitartean euskaraz hitz egin diezaietela nahi dute, hizkuntza ulertzen baitute. Ahobizi rola aukeratzen dutenek, berriz, konpromisoa hartzen dute hizkuntza ulertzen duten guztiekin euskaraz mintzatzeko.
122 udalerri
Herritarren parte-hartzea bideratzeko batzordeak eratu dira udalerrietan. Edizio honetan, handitu egin da Euskaraldia antolatuko duten udalerrien kopurua: 2018an, 106 udalerritan sortu ziren batzordeak, eta aurten 122tan. Euskararen lurralde osoan, 421 udalerritan osatu dira Euskaraldiko batzordeak.
Bestalde, edizio honetako berritasun nagusiak ariguneak dira, funtzioak euskaraz gara daitezkeen guneak, ulertu bederen kide guztiek ulertzen baitute.
Orotara, 6.737 entitatek (enpresak, erakunde publikoak eta gizarte-entitateak) 25.091 arigune sortzeari ekin diote, euskararen lurralde osoko 8.174 gunetan. Nafarroan 694 arigune sortu dira.
Mota guztietako enpresek, entitateek eta elkarteek sortu dituzte euskara erabiltzeko gune horiek. Saltoki txikiak eta zerbitzu-emaileak, elkarteak, hezkuntza-eragileak, zerbitzu-enpresak eta erakunde publikoak dira ugarienak, baina badira, halaber, enpresa txikiak, gizarte-eragileak, sindikatuak eta bestelakoak.