INFO

Baheketak egingo dituzte Basaurin, Eibarren eta Ribaforadan, azken egunotan kasuak ugaldu ostean

Osasun Sailak eta Osakidetzak baheketak egingo dituzte Basaurin eta Eibarren. 13 eta 40 urte bitarteko auzokideak deituta daude, eta aldez aurretik hitzordua eskatu behar dute. Basaurin probak ostiralean hasiko dira, eta Eibarren astelehenean. Gaur hasiko dira Ribaforadan.

Untzaga Plaza. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Osasun Sailak eta Osakidetzak baheketak egingo dituzte Basaurin eta Eibarren. Ohar batean azaldu dutenez, 13 eta 40 urte bitarteko bizilagunek PCR proba egitera joateko aukera dute. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu behar dute. Basauriko bizilagunek udalerriko osasun-zentroetako telefonoetara deituz, eta eibartarrek 943 032 644 telefono zenbakira deituz.

Basaurin ostiralean hasiko da baheketa, eta PCR probak Arizgoitiko zahar-etxean egingo dira. Baheketak, gutxienez, 5 eguneko iraupena izango du, eta beharrizanen arabera luzatu egingo da.

Eibarren, PCR probak egiteko azpiegitura ospitalean jarriko da, eta bertan mantenduko da astelehenetik ostiralera. Arratsaldez egingo dira probak 15.00retan hasiko dira eta arratsaldeko 19.00etan amaituko dira. Emaitza guztiak SMS bidez bidaliko dira.

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazten diete covidekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– beren etxeetan isolatzeko eta osasun-zentroa deitzeko.

Azken asteetan baheketa ugari jarri dira martxan Gipuzkoan eta Bizkaian. Aste honetan ehunka lagunek parte hartu zuten Hernaniko baheketan, asteazken honetan amaitu dena. Beste herrietan bezala, 13 eta 40 urte bitarteko auzokideak deituta zeuden neurketa hau egitera.

Hernaniren kasuan, Osakidetzak behar-beharrezkotzat jo zuen behaketa hau, azken bi asteotan pilatutako kutsatze kasuak 100.000 biztanleko 1.094 zirelako, asteleheneko datuei erreparatuta, bereziki altua beraz.

Eibarren, ostegun honetan argiratu diren datuei erreparatuz, azken bi asteotan pilatutako kutsatze kasuak 100.000 biztanleko 1.758 dira eta Basaurin 611. Eibarren 41 kasu berri antzeman ziren atzo, eta Basaurin 30. Egoera larria da udalerri hautan.

Baheketa Ribaforadan

Ribaforadan ere baheketa egingo dute. Probak gaur hasiko dira, eta 14 urtetik gorako 2.700 lagun daude deituta. Astelehenean Nafarroako Gobernuak Ribaforada itxi zuen bi asteotan pilatutako kutsatze kasuak 100.000 biztanleko 2.906 zirelako.