Asier Agirre, Oinatz Bengoetxea baino Oinatz Bengoetxeago (17-22) Amurrioko pilotaleku hutsean
Leitzarra 13-6 aurreratu bada ere, Arrotxapeakoak ez du amorerik eman eta, motzean jokatuta, buelta eman dio partidari Amurrion.
Aspaldiko garairik arraroenak bizi ditugu, are gehiago pilotan eta egoerari beste buelta bat emanda, Oinatz Bengoetxea baino Oinatz Bengoetxeagoa izanda kanporatu du Leitzarra Asier Agirrek Amurrion. Publikorik eta artekaririk gabe, pilotariak etxetik prestatuta, partida amaitutakoan dutxak erabiltzeko aukerarik gabe eta isiltasun itogarri batean, ezinezkoa zirudiena lortu du Arrotxapeako aurrelariak Oinatzi Bengoetxea VI.aren jokoa eginda 17-22 irabazi dio, hurrengo kanporaketan Danel Elezkanoren aurka jokatzeko aukera eskuratuz.
Kolpez bata bestea gainetik gainditu ezinda, motzean eta efektuekin elkarri mina eginez saiatu dira bata beste hausten eta, hasiera parekatu baten ostean, beteranoena bere ofizioa gailentzeko gai izango zelaren itxura eman du, sakez bere hirugarren tantoa lortu ostean 13-6 aurreratu denean.
Partida irauli
Baina jokoan ez ezik, kemenean ere bere aurkariaren antza handia izan du Asier Agirrek, oso kontran izan duen markagailu bati buelta emateko. Bi paretak botata hasitako 0-11kako partzial batekin partida oso bere aldera ekarri du, Oinatz Bengoetxeak dinamika aldatzeko ezer egiterik izan ez duen bitartean. Leitzarrak ez du dagoeneko garai bateko txisparik bere kolpean eta zuloak irekitzeko aukerarik gabe, pilotakada ia guztietan arrisku handiak hartu ditu, jokaldiak saiatuz. Txaparekin ere zorte handirik ez du izan zenbait kasutan eta, susperralditxo bat izan duen arren –17-19 gerturatu da– Asier Agirrek sakearekin ere ondo asmatu du eta garaipen handia lortu du, nahiz eta frontoi hutsak asko hoztu duen. Ikusi egin beharko da Amurriokoa leitzarraren Buruz Buruko azken partida izan den. Nahiago genuke hala ez balitz.
Fitxa Teknikoa:
Bengoetxea VI.a : 17
Agirre: 22
Pilotakadak: 239 Iraupena: 54,30 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-4, 7-4, 7-6, 13-6, 13-18, 15-18, 15-19, 17-19 eta 17-22. Sakeak: 3 Bengoetxea VI.ak eta 4 Asier Agirrek. Tantoak: 12 Bengoetxea VI.ak eta 10 Asier Agirrek. Hutsak: 8 Bengoetxea VI.ak eta 2 Asier Agirrek. Gorabeherak: Publikorik gabeko lehen partida izan da gaurkoa Amurrion. Pilotariek ezin izan dituzte aldagelak erabili eta etxetik prestatuta etorri behar izan dute, baita partida amaituta dutxatu gabe itzuli ere. Aspe eta Baikoko arduradunak asteartean elkartuko dira txapelketarekin zer egin erabakitzeko.