INFO

Artea karrikan bizi da, konfinamendu garaian ere bai

Baionako karriketan ‘Points de vue’ street art festibalak lau urtez utzi dituen muralak ikus daitezke, aurten egindako laurak barne, baina konfinamendua dela eta jaialdia gibelatu behar izan da. Itxialdian ere, obra berri baten sorrera izango da Baiona erdigunean, Andoni Maillarden eskutik.

Murmure bikoteak Gurutze Sainduko frontoian egindako ‘Kakalardo pilotagile’ murala. (BOB EDME)

Baionako espazio publikoak mundu osotik etorritako street art artistek egindako obra berriekin dekoratzen ari ziren urriaren 9tik, ‘Points de vue’ festibalaren laugarren edizioari esker. Azaroaren 15ean bukatu behar zen hitzordua, baina urriaren 31tik Ipar Euskal Herrian abian den konfinamenduaren ondorioz, jaialdia gelditu eta egiteke geratu dena bukatzeko hitzordua gibelatzera behartuta izan dira antolatzaile diren Spacejunk elkartea eta Herriko Etxea.

Alban Morlot antolatzaileak orain arte egindakoak izan duen harrera ona nabarmendu du: «Bidean geundela gelditu behar izan gara, ahal dugularik, eta ahal duguna egingo dugu konfinamendua bukatuko delarik. Egin izan ez diren bi obrak udaberrira arte gibelatu ditugu».

Gaur egun, 42 fresko badira hiriburuko karriketan eta ‘museoa aire zabalean’ bezala aurkeztu ohi da. Horietarik anitz hitzordu honen baitan sortuak dira, eta gehienak Spacejunk elkarteari lotuak, lanean ari den 15 urteetako emaitza dira. Edizio gutxi hauekin karrikako arteen erreferente bat bilakatu da festibala; horretan lagundu zuen lehen edizioan Deih artistak egin zuen obra arte adierazpen horretan erreferente den Widewalls webguneak 2017an mundu osoan margotutako obrarik politena zela erran izanak. Ezaguna izanik ere aurtengo edizioa, ohi baino txikiagoa izan da, egoera sanitario eta ekonomikoaren ondorioz. Obra gutxiago programatu dira, eta bilgune izan ohi den ‘herrixka’ ezin izan da egin.

Jaialdia gelditzera behartuta izan den honetan programatuta zeuden Mural Studio bikoteak eta Spear belgiarrak egin behar dituzten lanen gauzatzea atxikitzea, eta atzeratzea deliberatu dute antolatzaileek, baina ez da dena gibelatu beharko, eta aurreikusia zen bezala mosaiko baten sorrera ikusi ahal izanen da itxialdi garai honetan.

Hurrengo asteetan, Andoni Maillard baionarrak hozkailuan ematen diren imanekin mosaikoa eginen du. 3.000 piezez osatutako obra «dinamikoa» sortuko du, herriko etxearen ondoan dagoen bizikleta aparkalekuaren fatxadan.

Margo erraldoiak

Urriaren 9an hasi zenetik, jatorri ezberdinetako hamabost artista zeuden gonbidatuta, eta egin behar ziren sei grafitietatik lauren sorrera ikusi ahal izan dute baionarrek. Fin Dac irlandarrak, ‘Urdin’ deituriko obran Tina Kunackey modeloa euskal dantza jantziarekin agertzen duen margo erraldoia egin du Zitadelako lau estaietako eraikin batean. Eva Mena donostiarrak Baiona Ttipian dagoen Trinketeko horman M.U.R. bat (Modulagarria Urbanoa Erreaktiboa) margotu du emakume baten aurpegiaren irudi koloretsu batekin.

Murmure bikoteak Gurutze Sainduko frontoian egindako ‘Kakalardo pilotagile’ obran zomorro bat agertzen da, zarama poltsa bat bultzatzen. Irudiak gizakia ingurumenean izaten ari den eragina salatu nahi du. Azkenik, Damien Auriault bordelearrak ‘V’ freskoa egin du suprefekturatik hurbil dagoen Vauban aparkaleku berriko sarreraren sabaian. Azken hau auzoan dagoen Le second Jeudi elkarte galeriarekin koproduzitu dute antolatzaileek.

Jaialdiaren baitan egiten ari ziren erakusketa arrakastatsuak ere gibelatu behar izan dira. Didam gelan zegoen ‘Graphic waves’ erakusketak izan duen harrera ona nabarmendu dute antolatzaileek, hiru astez 4.000 pertsonak ikusi baitute, nahiz eta bisitarien kopurua mugatua izan. Sortu duen jakinmina ikusirik, konfinamendua finituta, berriz ireki ahal izateko lanean ari dira. Elkartearen egoitzan egiten ari zen ‘OBEY: 30 years of resistance’, berriz ere irekitzeko asmoa dute; abenduaren 2tik urtarrilaren 9ra egitea dago aurreikusita, baina Morlotek onartu duen bezala, seguruenik Gabonetara arte bederen irekitzeko paradarik ez da izanen.

Programatuta zeuden beste ekintzak ere berriz antolatuko dira, horrela bisita gidatuak, street art zirkuituak, Tuk Tuk Tourrak eta tailerrak egiteko data berriak izanen dira, osasun egoerak ahalbidetzen duenean.

Hozkailuetan ematen diren imanekin egindako obra

Hurrengo asteetan, konfinamendu garaian sorkuntzari tokia eginez, Andoni Maillardek Baiona erdigunean obra «dinamiko» bat sortuko du. Hozkailuetan jartzen diren imanekin mosaiko bat eginen du, herriko etxearen gibelean dagoen bizikleta aparkalekuaren eraikinaren aitzinaldean. Horma metalikoa izanik, imanak kolatuko dira, eta horiek ematen duten koloreekin eginen du.

Street art obra honen forma zein izanen den oraindik erabaki ez badu ere, gauzatu ahal izateko beharrezkoa den materiala prest du janeko. Izan ere 3.000 iman bildu ditu: «Lagun batek hondakinen sailkapen gune batean egiten du lan, eta jendeak bere frigoa botatzen duenean gainean uzten dituen imanak bildu ditu niretzat».

Gehienetan publizitate gisara oparitzen dituzten pieza horiei irudia kendu eta gainetik margotu egin ditu: «Formak soilik atxiki ditut, borobilak, futbol kamiseta forma daukatenak eta Frantziako mapa osatzeko ematen duten departamentuetako piezak baliatuko ditut. Pixel bezala erabiliko ditut, mosaiko forma emanez».

Behin obra sortuta, hain errez kendu daitezkeen elementuak erabiltzeak obraren xedearekin bat egiten duela azaldu du Maillardek: «Ez da proposamen artistiko finko bat izanen, denborarekin aldatzen joanen da. Imanak jendearen esku izanen dira, nahi badute har ditzakete, etxera eraman, beste nonbaiten kolatu. Obra gelditzen bada ongi, joaten bada ere, jendeak berarekin jostatzea nahi dut».

Oinarrizko ideia Maillardek, obra gauzatzen ari zen bitartean, jendearekin momentua partekatzea zen, performance bat bezala, baina konfinamendua dela eta sorkuntza momentua seguruenik bakardadean pasatu beharko du, nahiz eta bera joan ondoren mosaikoak bere bizia jarraituko duela jakin. «Pentsatu nuena baino beste zentzu bat izanen du, baina egoerari egokitu behar da» onartu du.

Jaialdian parte hartzen duten beste artistak ez bezala, Maillard ez da grafiti egilea, brodatuekin egiten du lan gehienbat, baina jendearekin partekatzeko obra bat gogoan zuenez, Morlotengana jo zuen bere proposamenarekin. Azken honek antolatzaileekin batera gogoetatu eta gero, jaialdiaren programazioan sartzea deliberatu zuen.

Ipar Euskal Herri osoan zehar

Karrikak janzten dituzten obren sorrera Baionan Spacejunk elkartearen inguruan kokatu da orain arte, baina xedea hiriburutik harago Ipar Euskal Herri osora hedatzea da. Lehen urteetan jaialdiaren zuzendaritza zeraman Morlotek, antolakuntzan parte hartzen badu ere, orain Euskal Elkargoan lan egiten du, arte bisualen arduradun gisa, eta horren bitartez jaialdiaren xedea zen hedatzearen ideia gauzatzeko eskuduntza eta ahala baduela ziurtatu du, nahiz eta horretarako urteak beharko direla onartu.

Hala ere, urratsak pixkanaka-pixkanaka egiten direla baieztatu du, eta zentzu horretan azaroaren 1erako Urruñako Itsas Mendi zinemagelaren fatxadan Xabi Tapiaren eskutik programatuta dagoen grafitia aipatu du; bide horretan egindako «aitzinapausu» gisara definitu du.