INFO

Webserieak, bisitak esku-argiz… museoak etxetik ezagutzeko larunbat gau berezia

Museoen Gauaz etxetik gozatu beharko da aurten, covid-19ak eraginda Estatu frantsesean dagoen konfinamendua dela eta, birtuala izanen baita. Alde onari begiratuta, azaroaren 14ko gauean, erakustoki bat baino gehiago ezagutzeko parada izanen da, esku-argiz egindako bisitaz, web-serieen bitartez...

Munduko museorik bisitatuena den Pariseko Louvre gauez. (STEPHANE DE SAKUTIN/AFP)

Maiatzean ospatu ohi da Europako Museoen Gaua, baina garai horretan zegoen konfinamendua dela eta azarora gibelatzea deliberatu zuen Estatu frantseseko Kultura Ministerioak. Baina azaroaren 14 honetan, hexagonoa berriz ere konfinamenduan denez, gaualdia birtuala izanen da. #NuitDesMuséesChezNous traolari esker sare sozialen bitartez jarraitzeko aukera izanen da.

2005etik ospatzen den hitzordu honek, Europako museoak gauez ezagutzeko parada ematen badu. Estatu frantsesean arrakasta handia dauka, baina urriaren 30etik abian den hetsialdia dela eta ohi baino gutxiago izanen dira hitzordu honetan aurten parte hartuko dutenak. Maiatzeko hitzordurako 1.200 museok programa prestatuta zeukaten, aldiz hamarnaka batzuk dira orain. Baionako Euskal Museoa horien artean da, eta sare sozialen bitartez erakustokia ezagutzeko manera berezia eskainiko du.

Webserieak eta filmak

Museo bakoitzak jorratzen duen gaiari loturik, batzuk larunbateko gauean filmak eta web-seriak proposatuko dituzte internetez. Esaterako, Pariseko Rodin museoak, artistaren bizitza egunkari intimoaren formatuan kontatzen duen 40 kapituluko web-seriea sareatuko du.

Versailleseko Gazteluan gertatutako anekdota harrigarri eta ohiz kanpokoak ezagutzera ematen duen web-seriea ikusteko parada izanen da.

Marc Chagall museo nazionalak ‘Ecoute, respire // Bleu’ filma emanen du sarean, 19 boulevard Bouillon artista kolektiboak egina. Museoan bertan grabatuta sorkuntza prozesuaren metafora bat da.

Gaualdiak

Museoek anitzetan ekintza berezi baten inguruan antolatu ohi da gaualdia. Aurtengoan ere, ohitura horrekin bat egitea erabaki dute batzuk, eta programa berezia prestatu dute. Pariseko Historia Naturaleko Museo Nazionalak, bisita esku-argi baten argiztapenarekin bisita egitea proposatuko du.

Pariseko Arkitektura eta Patrimonio Hiriak, orain arte erreserban zeuden obra batzuk ezagutzeko abian emanen den erakusketa birtualaren estreina eginen du.

Munduko museo bisitatuena den Louvre-k, hitzorduaren izpirituarekin bat eginez, hilabetean behin eskaintzen ditu gaueko bisitak, eta azaroaren hastapenerako zegoen bat aurreikusita, baina konfinamendua dela eta bisitak birtualak izanen dira.