Eredu elebidunaren argazki iluna Ipar Euskal Herrian
Biztanle kopuruak gora egin arren, ikasle elebidunen kopurua beherantz doa Ipar Euskal Herrian eta eskualde batzuetan egoera zinez iluna da. Orotara, %27,2 ikaslek baino ez du ikasten bi hizkuntzetan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Bereziki ahula da ikasle elebidunen presentzia lizeoetan.
Batez beste 400 biztanle gehiago bizi dira Ipar Euskal Herrian urtero, baina ‘Mediabask’ hedabideak argitaratu duen ikerketa batek erakusten duen moduan, eredu elebidunean ikasten duen ikasle kopurua beherantz doa. Eremu honetan urratsak eman dira azken urteetan, murgiltze ereduan kasu, baina datuek erakusten duten argazki orokorrak itzalgune anitz ditu.
Ama eskolatik hasi eta lizeora, Ipar Euskal Herrian iaz ziren 54.721 ikasleetatik soilik %27,33ak jaso zuen hezkuntza elebiduna; aurten, aldiz, 54.595 ikasleetatik %27,2ak ikasten du bi hizkuntzetan. Ondorioz, urte batean ikasle kopuruak %1,6 behera egin duenez (iaz baino 126 ikasle gutxiago), orotara 97 ikasle dira haien ikasketen zati bat euskaraz egingo ez dutenak.
‘Mediabask’ek argitaratutako ikerketak bi eremutan sailkatzen ditu datuak. Batetik, ikasketa mailari dagozkionak daude, horrela, lehen hezkuntza, Kolegioa eta Lizeoa bereizten dira. Bestetik, irakaskuntza eskaintzen duten hiru eskola mota daude, hau da, ikastetxe publikoak, ikastetxe pribatuak eta Seaskako ikastetxeak. Azken hauek besteengandik bereizten ditu, kasu honetan eredua ez baita elebiduna, euskara hutsezkoa baizik.
Bi zutoin nagusi horiek oinarri hartuta honakoak lirateke datu orokorrak gaur egun ipar Euskal Herrian. Lehen hezkuntzan (3 urtetik-11 urtera) ikasleen %41,08k egiten du bere ikasketen zati bat edo osoa euskaraz, iaz baino %0,07 puntu gehiago. Kolegioen kasuan (11-14 urte) ere gora egin du eredu elebiduneko ikasle kopuruak: iaz %21,72 ziren eta aurten %22,33 dira.
Ordea, Lizeoan bi hizkuntzetan ikasten duen ikasle kopurua nabarmen jaitsi da: iaz %10,09 ikasle baziren, aurten %9,43ra jaitsi da euskaraz ikasten dutenen kopurua. Bestalde, laborantza lizeoei dagokienean, ikasketak frantsesez bakarrik eskaintzen dira. Ondorioz, 14 urtetik gorako ikasleen kasuan, hamar ikasletik bakar batek ikasten du ozta-ozta euskaraz.
Ama eskolan eta lehen hezkuntzan, eredu elebiduna kontsideratzen da ikastetxean egiten den denboraren erdia euskaraz egiten denean. Kolegioan eta Lizeoan, ordea, egoera bestelakoa da. Eredu elebidunean 3 ordu eskaintzen dira euskaraz eta euskarari lotuta ez dagoen ikasgai bat euskaraz jaso behar da. Arazoa izaten da sarri euskaraz irakatsi ahal izateko irakasle prestaturik ez dagoela. Beraz, kolegio eta lizeoetan eredu elebidunean diren ikasle kopurua eta ereduaren beraren kalitatea kontuan hartzen badira, egoera zinez ahula dela esan daiteke.
Ipar Euskal Herrian guztira 70 ikastetxetan ezartzen da murgiltze eredua (19 ikastetxe pribatu, 19 ikastetxe publiko eta 32 ikastola) eta gehienak Lapurdin aurkitzen dira, bertan bizi baita biztanle gehien.
Eskola publikoetan murgiltze ereduaren eskaintza Nafarroa Beherea eta Lapurdira mugatzen da. Lapurdi hegoaldean daude (9), Sara eta Donibane Lohizune arteko herrietan. Lapurdi iparraldean, ostera, Baiona eta Biarritz artean, soilik hiru ikastetxe publikok eskaintze dute murgiltze eredua. Nafarroa Beherean sei murgiltze sistema ezarri dira, horietatik hiru Baigorri eta Donibane Garazi inguruan eta beste bi Larresoro eta Jatsun, eta seigarrena Irisarrin. Zuberoan ez da murgiltze eredurik ikastetxe publikoetan.
Nafarroa Beherea eta Zuberoako argi-ilunak
‘Mediabask’ek argitaratu dituen datuak oinarri hartuta, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoeran ezarri du fokua Kazeta.eus hedabideak. Barnealdeko eskualdeetan biztanle kopurua kostaldekoa baino askozaz ere apalagoa da, baina aldiz euskara maila altuagoa da. Badira Donibane Garaziko eskualdea bezalako inguruneak, euskararentzat arnasguneak direnak, baina orokorrean euskararen egoera ez da indartsua, eta eremu batzuetan, gainera, euskararen transmisioa bera ere arriskuan da.
Guztira, 7.282 ikasle daude Nafarroa Behereko eta Zuberoako lizeo, kolegio eta lehen mailako ikastetxeetan (iaz baino 182 gutxiago). Horietatik 2.798 (%38,4) sare elebidunean edo ikastolen murgiltzen ereduan dira, 2019 urtean baino 19 gehiago.
Lehen mailan egoerak itxaropentsua dirudi, 2.062 ikasle baitira eredu elebidunean Zuberoan eta Nafarroa Beherean (%59), baina adinean aurrera egin ahala euskaraz ikasteko aukerak ere gutxituz doaz eta baita bi hizkuntzetan ikasten duten ikasle kopurua ere. Kolegioetan 603 ikasle daude eredu elebidunean (%30,8), iaz baino 16 ikasle gehiago, baina lizeoetan kopurua beherantz doa eta egun soilik 133 ikasle daude eredu elebidunean Zuberoa eta Nafarroa Beherea osoan.
Barnealdean laborantzak duen indarraren adierazle dira Laborantza Lizeoak, baina euskara laborarien artean hedatuagoa dagoen arren, lizeo horietan euskarak ez du lekurik, frantsesez bakarrik irakasten da.
Nafarroa Behereko eskualdeak
Eskualdeen artean ere badira desberdintasunak. Horrela, Garazi-Baigorri inguruan euskaraz ikasteko aukerak anitzagoak diren neurrian, argazki orokorrean eragiten dute, zifrak altxatzen laguntzen dute, baina eskualdez eskualde begiratzen hasten bagara eremu batzuetan egoera zinez iluna ikusi daiteke.
Adibidez, Garazi-Baigorri eskualdean ikasleen %55 inguru dira (2.054 ikasletik 1.129) murgiltze ereduan edo elebidunean matrikulatuak, 14 eskola publiko, bost pribatu eta lau ikastoletan. Aitzitik, Bidaxuneko (Nafarroa Beherea) eskualdean ez da ikastolarik, eskola publikoetan ez da eredu elebidunik, eta eskualdean dagoen kolegio bakarrean soilik frantsesa ikasi daiteke. Orotara, Bidaxunen lehen eta bigarren mailan diren 757 ikasleetatik soilik 46 daude eredu elebidunean, hau da %9a.
Amikuzeko eskualdean Donapaleu da herri nagusia eta bertan lehen mailako 14 eskola, bi kolegio eta laborantza lizeo bat daude. 1.665 ikasletik 517 (%31) daude sare elebidun edo murgiltzean izena emanda, iaz baino 15 ikasle gehiago.
Iholdi-Oztibarreko eskualdean egoera apur bat hobea da. Eredu elebidunaren edo murgiltzearen eskaintza handiagoa eta, ondorioz, baita ikasleen izen-ematea ere.
Ikasleen %88,5ak izena eman du eredu elebidunean (476 ikasletik 421k). Kopuru horren arrazoi nagusietarikoa da kolegio bakarra dagoela eskualdean, Seaskaren murgiltze sistema proposatzen duen Manex Erdozaintzi kolegioa, 241 ikasle dituena.
Zuberoa
Herrialde honetan ere datu orokorrak eta eskualde bakoitzeko errealitatea ez datoz beti bat. Guztira 2.330 ikasle daude Zuberoan, horietarik 685 (%29,4) eredu elebidunean, iaz baino hiru ikasle gehiago, nahiz eta ikasle kopuru orokorra iazkoaren berbera den.
Gauzak honela, Zuberoako argazki orokorrean aldaketa handirik ez dela eman dirudi, baina zenbaki orokorrek erakusten duten errealitatea ere adierazgarria da, zeren ikasleen herenak baino gutxiagok ikasten du eredu elebidunean edo murgiltzean.
Zuberoako lehen mailako eskoletan 902 ikasle daude guztira, eta horietatik 551 (%61) ikasle dira euskaraz eta frantsesez ikasten dutenak. Orotara iaz baino 21 ikasle gutxiago daude lehen mailan, baina 9 ikasle gehiagok hautatu dute aurten erdu elebidunean izena ematea. Kolegioei dagokienean, 465 ikasle daude orotara eta horietarik 97 ikaslek (%20,9) hautatu dute eredu elebiduna.
Lizeoen kasuan, Sohütakoa da irakaskuntza elebiduna eskaintzen duen bakarra eta bertan izena eman duen ikasle kopuruak behera egin du, (iaz %12,6 eta aurten %9,4). Orotara, lizeo profesionalak ere kontuaz hartuz, Zuberoan ikasten duten 973 ikasleetatik Sohütako 37 horiek bakarrik ikasten dute erdu elebidunean.