INFO

30 urte kartzelan igaro ondoren Lannemezango espetxea atzean utzi du ‘Xistor’ Haranburuk

Frederic ‘Xistor’ Haranburu Lannemezango espetxetik atera da gaur, azaroaren 24an. 30 urteko kartzelaldia egin ondoren, gaurdanik etxean jarraituko du betetzen zigorra.

Haranburu Lannemezango espetxetik atera berria. (@euskalirratiak)

Espetxea atzean utzi du gaur, azaroaren 24an, Frederic ‘Xistor’ Haranburuk. Goizeko lehen orduan atera da Lannemezango kartzelatik (Lanamesa, okzitanieraz).

Espetxearen atarian zain zituen gertukoek lehenengo harrera egin diote Senpereko bidea hartu aitzin.

30 urte gatibu izan ondoren gaurdanik Haranburuk etxean jarraituko du zigorra betetzen.

Epaitegiak baldintza zorrotzak ezarri dizkio kartzelatik behingoz atera ahal izateko. Hala, eskumutur elektronikoa eraman beharko du ondoko 18 hilabeteetan.

Horretaz gain, 8 urteko segurtasun epea bete beharko du 1997an Parisen egin zioten auzian presoak jaso zuen biziarteko kartzeka zigorra amaitutzat eman arte.

Hirugarren eskaria

Iragan apirilean kartzelaldiaren 30. urtean sartu zen Haranburuk aurkezturiko hirugarren askatasun eskaera aztertu zuen uztailaren 9an Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak (TAP, frantsesez).

Defentsak aurkezturiko dosierrak lehen aldikoz Baionako Fiskaltzak sinaturiko txostena jasotzen bazuen ere Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak, ohi bezala, kontrako jarrera hartu zuen uztailaren 24a iragan zen auzian.

Urriaren 27an, ordea, 66 urte bete dituen presoa askatzea onartu zuen auzitegiak.

Erabakia urte luzeetan eragile anitzek eginiko lanari esker lortu zela eta «aurreko eta ondoko garai bat» markatzen zuela nabarmendu zuten bakegileek.

Era berean, Haranburuk bezala kartzelaldiaren 30 urteko langa gainditu duten Ion Kepa Parotek (Mureteko espetxean dago) eta Jakes Esnalek (Saint-Martin-de-Ren) lehenbailehen askatasuna eskuratu dezaten lanean jarraitzeko engaiamendua berretsi zuen elkarteak.

1990ko apirilaz geroztik gatibu

1990ko apirilaren 2an lehergailuz beteriko autoa zeramala atzeman zuten Unai Parot Sevillan (Andaluzia).

Handik egun batzuetara, apirilaren 4 eta 5 artean, 16 bat herritar atzeman zituzten Ipar Euskal Herrian. Horien artean ETAren ‘Argala’ taldeko hiru kide atxilotu zituen Polizia frantsesak: ‘Xistor’ Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot. Aurten, beraz, lapurtarrak kartzelan sartu zituztenetik 30 urte bere dira.

Parisko Dei Auzitegiak 1997ko ekainaren 19an plazaratu zuen sententziaren bidez biziarteko kartzela zigorra jaso zuten hiru etakidek.

Izan ere, ebazpen horretan baldintzapeko askatasuna eskatu ahal izateko epeak finkatu zituen auzitegi frantsesak.

Epaiari erreparaturik Haranburuk 2008. urteaz geroztik baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea bazuen.

Alta, azkeneko 12 urteetan frantziar epaileek behin eta berriro ukatu diote kontrol judizialpean bada ere etxera bueltatzeko aukera.

Gaur, finean, ondoko hilabeteetan emango dioten baldintzapeko askatasuna prestatzeko bidean, kartzela giblean utzita etxera itzuli da Frederic Haranburu.