Ezkieta taldekideekin batera entrenatzen hasi da koronabirusa gainditu ostean
Jokin Ezkieta atezaina Lezaman izan da taldekideekin batera entrenatzen. De Marcos eta Nolaskoain dira oraindik jokatzeko prest ez dauden jokalari bakarrak.
Aurpegi alaiak ikusi ahal izan dira astearte goiz honetan Athleticek Lezaman egin duen lan saioan. Garitanoren geroa kolokan zegoen eta Betis nagusitasun osoz gainditu ondoren, lasaitasunez ekingo diote hurrengo partidari. Datorren igandean jokatuko dute zuri-gorriek Getaferen zelaian.
Entrenamenduan ikusitakoaren arabera, Jokin Ezkieta atezainak deialdira itzuli ahal izango du. Nafarrak koronabirusa izan du eta ezin izan zuen Euskal Selekzioaren partidan parte hartu. Lekue eta Dani Garcia ere konfinaturik izan ziren atezainarekin harreman zuzena izateagatik, baina Betisen kontra jokatu aurretik taldekideekin entrenatzen hasi ziren.
Joan den astetik ere taldearekin batera ari dira Ibai Gomez eta Kodro. Hala ere, ez ziren azken deialdian sartu. Oraindik jokatu ezin dabiltzanak Peru Nolaskoain eta Oscar de Marcos dira. Zumaiarra lesionaturik itzuli zen Deportivon denboraldia amaitu ostean eta ez du lortu osatzea. Arabarraren kasuan, hamaikakoan hasi zuen denboraldia Granadan baina berriro ere orkatilan arazoak ditu iaz ebakuntza egin arren. Hori gutxi balitz koronabirusa ere pasatu du orain dela aste pare bat. Hala ere, dirudienez gero eta hobeago dago.
Bestalde, ohikoa izaten den bezala partida ondorengo lan saio lasaia izan dute Lezaman eta Yurik, Capak eta Muniainek ez dute hamaikoan izan ziren beste jokalarien erritmo berean entrenatu.