INFO
Interview
Koldo Almandoz, Maria Elorza
zinema zuzendariak

«Luzaroan ez genuen jakin norantz gindoazen, baina ez genuen bilaketa bertan behera utzi»

Isiltasunak hitzek bezainbesteko indarra eta esanahia duen filma sortu dute Koldo Almandozek eta Maria Elorzak. Irrati-grafia. Benetako erronka izan da, baina zalantzak zalantza eta beldurrak beldur, lortu dute.

Koldo Almandoz eta Maria Elorza. (NAIZ)

Zinemira-Kimuak atalean estreinatu zenuten, eta orain gutxi Zinebi jaialdian eta Lekeitioko Zine Bileran eskaini duzue. Nolako harrera izan du?
Koldo Almandoz: Zinemaldi askoren interesa piztu duen pelikula da eta nik uste jendeak ezustekoz hartzen duela gure proposamenak.

Irrati-grafia bezala definitu duzue. Azaldu hori.
Maria Elorza: Irrati elkarrizketa batean oinarritua dago. Biografia gordin batean ere bai, eta gainera filmak duen osagaietako batekin ere badu zerikusirik definizio horrek.

Nolakoa izan da bion arteko elkarlana?
K: Nire aldetik oso modo naturalean bizi izan dut. Mariaren lanaren jarraitzailea naiz. Liluratzen nau bere zinemak. Hain zuzen ere nik sekula pentsatu, filmatu edo hartuko nituzkeen erabakiak hartzen ditu, ni ikusteko kapaza ez naizena ikusten du. Eta hain zuzen ere hori da elkarlan bat aberasten duena.

M: Bestalde, nahiz eta elkarrekin zuzentzen dugun lehen aldia izan, Koldo nire azken bi film laburren ekoizlea izan da. Hortaz, badira urte batzuk hein batean elkarrekin lan egiten dugula, zineaz hitz egiten dugula eta ideiak trukatzen ditugula.

7 minutuko iraupena du film laburrak. Bi urte eman dituzue irrati elkarrizketa irudietara nola eraman asmatu ezinda. Nola izan da prozesua?
M: Zalantza eta beldur fase luze bat izan genuen hasieran. Asko lagundu zigun elkarrizketaren zein pasarte erabili nahi genituen oso ondo zehazteak. Hortik abiatuta, testigantza irudiekin ezkontzen hasi ginen, proba eta errore prozesu batean. Interneteko irudiak, gure artxibo pertsonaletakoak, pieza honetarako propio grabatutakoak... oso material anitzak pasa ziren gure eskuetatik, eta asko atzean geratu ziren. Luzaroan ez genuen ondo jakin norantz gindoazen, baina ez genuen bilaketa bertan behera utzi. Eta pixkanaka-pixkanaka, asko montatu ondoren, proba askoren ostean, zentzua eta forma ikusten hasi ginen. Noraeze horretan, jatorrizko testigantzaren audioa hor edukitzea eta beti bertara itzuli ahal izatea garrantzitsua izan zen.

Linaresen hitzek berez dute indarra, egia. Horri zinemara eramatea erronka da. Nola bizi izan duzue?
K: Hitza errespetatuz. Hitza eta isiltasunak dira protagonista filman. Hain zuzen ere lehen aipatzen nuen ezustekoarekin lotuko nuke filmaren erronka. Halako gai bat guk jorratzen dugun ikuspuntutik eta tonutik lantzea harritu egiten du ikuslea. Nolabait irribarre izoztu batekin geratzen da amaieran, deseroso. Ezinegon puntu hori da filmak bilatzen duena.

Beldurrik bazenuten, saihestu nahi zenuten zerbait?
K: Argi eta garbi. Izen eta abizenak dituen pertsona bati gertatzen ari zaionaz hitz egiten gabiltza. Gaia oso delikatua da. Ez genuen sentsazionalismoa edo panfleto erraz eta hutsalean erori nahi. Filma egiteak ardura bat zekarren. Nahiko pudorosoak garela esango nuke. Ez dugu atsegin gizarte gaien esplotazio erraz eta merkea. Bi urte horietan zailena, filma gauzatzeko gure burua konbentzitzea izan dela esango nuke.

M: Ikusleari helduleku anitzak eman nahi genizkion piezan sartzeko, tratu txarren eta teknologiaren gaiaren inguruan hausnartzeko, sufrimenduari begiratzeko. Ez genuen ikuslea manipulatu nahi, baina aldi berean errealitate gogor batekiko aurrez aurre jarri behar genuen. Ikusleari bere espazioa eta paper aktibo bat ematea bazen beste arduretako bat.



Lehen hitzak entzun eta berehala ezagutu nuen Ziortza Linaresen ahotsa. Irrati entzule askori iltzatuta geratu zitzaigun haren testigantza. Ikusleek antzekorik esan dizuete?
M: Guri ere hori gertatu zitzaigun. Linares berak esaten zuen beti pentsatzen dugula hori besteei, beste nonbait gertatzen zaiela, eta berak argi utzi zuen hemen, oso gertuan eta ‘euskaraz’ ere gertatzen dela.

Tato Guzmanen ‘Quebranto’ kantua da soinu bandako abestietako bat, izenburua ere hark ematen dio. Zerk eraman zintuzteten hura aukeratzera?
M: Filmak hainbat izenburu izan zituen aurretik, eta beste bat izan lezake oraindik ere. Kantura kasualitatez iritsi ginen eta berehala pieza borobiltzen zuela ikusi genuen: bai maitasun kantuen iruditeriari keinu bat egitea interesgarria iruditzen zitzaigulako (hor ere hausnartzeko material asko baitago), eta baita hitzak berak dituen ñabardurengatik.

K: ‘Quebranto’ hitzak, hausturatik haratago eramaten gaitu. Egoera eta gauza ezberdinak ‘quebrantatu’ daitezke. Filma laburbiltzen duen kontzeptua da. Eta berez, hitzak ere badu soinu eta indar berezia.

Euskal Herrian orain Errenterian eta Lekeition ikusiko da, Gasteizko Cortada jaialdian ere bai. Hemendik kanpo CIMA elkarteak antolatutako Bendita Tú jaialdian saria eskuratu zenuten. Pandemia garaiotan zaila izan arren hainbat hitzordu ditu aurretik ere.
K: Filmak hasi berri du bere ibilbidea hemen Zinebin eta honezkero selekzio ugari izan ditu nazioartean ( Mexiko, Italia, Frantzia, Argentina, Espainia,.. ) eta sariak jasotzen hasi da ere. Ez daukagu kexarik.