INFO

Ama hegodun baten askapenerako bidaia dakar ‘Oilasko hegalak’ albumak

Eider eta Arrate Rodriguez ahizpek ‘Oilasko hegalak’ album ilustratua aurkeztu dute.

Eider eta Arrate Rodriguez, albumaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eider eta Arrate Rodriguez ahizpek ‘Oilasko hegalak‘ album ilustratua argitaratu dute Erein argitaletxearekin. Album ilustratua da, horrek dakarren zailtasunekin. Eiderrek sortu du testua eta Arratek ilustrazioa, baina ez du batak bestea jantzi edo osatu, ez bada ipuina bera zabaltzeko, bi diziplinen arteko dialogoa sortzeko edo interpretazioa tenkatzeko.

Asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean Arratek esan bezala, «pelikula baterako gidoi bat sortu eta laburmetraia bat filmatzea bezala izan da» bi urtetan zehar ahizpa biek landu duten albuma.

Familia bat aurkezten du ipuinak, eta familia horretako ama, beste etxe askotan bezala, soberakinekin bizitzera ohituta dago. Amak, oilaskoa erretzen duen bakoitzero, soil-soilik hegoak aurkitzen ditu, izter eta bularkiak harrapatzera aita eta seme-alabak aurreratzen zaizkiolako.

Eiderrek aspalditik koaderno batean apuntatuta zeukan ideia hori, «oilasko erre bat, familia normatibo bat inguruan, eta ama bat soberan gelditutako hegalak jaten». Hutsala eta egunerokoa dirudien eszena horrek badu zerikusia «ama entregatu, itxuraz borondaterik ez daukan eta besteentzat bakarrik bizi den horrekin, kapaza dena soilik soberakinetatik bizitzeko; ez duena bereizten bizitza eta biziraupena», Eider Rodriguezek NAIZi azaldu bezala.

Hegal bidaiari bi

Umetatik «liluraz eta nazkaz» gordeta zeukan beste ideia bat hegalak hazten zaizkion gizakiarena zen. Mutazio horrek ekarriko du, Rodriguez ahizpen lanean, «amaren askatasunerako bidaia». Hausnartzera bultzatzeko pentsatutako albuma da ‘Oilasko hegalak’, familiaren egitura normatiboa zalantzan jarriko duena. Ama hegalariak fantasia kutsua dakarkio kontakizunari, baina bere desioa «errealista» da.

Bidaiaria eta abenturazalea da protagonista, eta bizimodu doia atzean utzita gudukatzen die ohitura zahar eta txarrei, hegan. Naturaltasunez darama askatasun nahia eta, hain zuzen ere, gogo hori normalizatu nahi dute Rodriguez ahizpek, «katarsi domestiko» txikiak sortzeko, «jakinda ikaragarri zaila dela».

Emozioen irudiak

«Arraterekin lan egitea plazer hutsa izan da. Testua irudien bidez irakurri du eta irakurketa inteligente eta arretatsu guztiek egiten duten moduan, ez zeuzkan testura eta esanahiez jantzi du abiapuntuko ipuina», agertu du Eider Rodriguezek albumaren aurkezpenean.

Amaren askapenerako bidaia hegoduna kontatzen duen albumak testu sintetizatu eta ilustrazioen interpretazio zabalaren arteko dialogoaren bidez egiten du. ‘Oilasko hegalak’ lanaren kasuan, Arrateren ilustrazioek ez dute testua janzten, baizik «emozio sortzaile» dira kontakizunean, emozio argi zein ilunena, maitasunetik berekoikeriara, gorrotora, elkartasunera.

Pertsonaien informazioa ilustrazioek dakarte nagusiki, haien aurpegikerek eta izaeraren inguruko pistek, eta bidaia kolorezkoak zentzumenekin jolasten du, nola bustiz ekaitz batekin hala entzunez paisaia elurtu baten isiltasuna.