INFO

Athleticek puntu bat eskuratu du Getafen Villalibreren gol batekin (1-1)

Aspaldiko partez, aurrelari gernikarrak gola egin du buruz korner batean. Zuri-gorriek ondo eutsi dute atsedenaldirarte, baina bigarren zatian Getafe nagusitu da eta Angelek berdinketa lortu du. [Partidaren xehetasunak]

Villalibrek korner batean egin du Athleticen gola partida hasieran. (LOF)

Athletic berdinketarekin konformatu behar izan da Getaferen zelaian jokatutako norgehiagokan. Lehen zatian Garitanoren taldea hobeago moldatu da, batez ere hasierako minutuetan. Villalibrek zuri-gorriak markagailuan aurreratzea lortu du korner batean eta zailtasunak izan arren, errenta defendatu ahal izan dute.

Bigarren zatian Getafek pausu bat aurrera egin du eta Athleticek ezin izan du atea hutsean mantendu. Aranbarrik zutoinera bidali du jaurtiketa bat aldageletatik bueltatu bezain laster eta ordu laurden bat falta zenean Angelek partida berdindu du. Aurrelaria zuri-gorriak baino bizkorragoa izan da eta izan duen aukera bakarrean gola egin du.

Athleticek bi aurpegi erakutsi ditu Getafen. Betisen kontrako emaitza ikusirik Garitanok hamaikakoa errepikatzea erabaki du. Aurkariaren jokoa guztiz ezberdina izan arren, Derioko entrenatzaileak Unai Vencedorren eta Mikel Vesgaren aldeko apustua berretsi du zelai erdian. Ondo aritu dira, nahiz eta partida amaieran Getaferen trikimailuei aurre egiteko esperientzia gehiago falta izan zaien.

Orain arte ordezkaezina izan den Dani Garcia aulkian geratu da bigarren aldiz jarraian eta harritzekoa bada ere ez du minuturik jokatu. Raul Garcia ere hamaikakotik kanpo geratu da eta erdiko aurrelaria Asier Villalibre berriro.

Muniain bere atzetik kokatu da, barrutik mugitzeko, eta hegaletan Williams eta Berenguer izan dira. Adurizpedia twitter kontuak gogora ekarri duenez seigarren aldia izan da Garitanok hamaikako bat errepikatzen duela garaipen baten ostean. 2020an egindako aurreko hiru aldietan 1 eta 0 galdu zuten zuri-gorriek, baina laugarrenean markagailuan aurreratu eta berdinketa bat eskuratu dute.

Bestalde, Getafek aldaketa bat egin du Ipuruan aurkeztutako hamaikakoarekin alderatuz. Nyom-en ordez, Angel aurrelari bizkorra zelairatu da Cucho Hernandez kolonbiarrarekin eta Matarekin batera. Erasorako joera duten jokalarien aldeko apustua egin du Bordalasek. Izan ere, Nyom defentsan ere aritu daiteke eta bere lekuan mugitu diren Cucho eta Mata aurrelariak dira. Azken honek izan du partidako lehen aukera.

Yeray eta Capa gaizki ulertu dira eta Cucurellak baloia lapurtu ostean Matarengana iritsi da baloia, baina jaurtiketa Unai Simonen eskuetara joan da. Lehen minutuan izan da eta Athleticen erantzuna hegaletik ateratako jokaldi batean iritsi da. Williamsen erdiraketa Vesgak ezin izan du ate barrura bideratu.

Hurrengoan Villalibrek, aldiz, ez du hutsik egin Berenguerrek ateratako korner bikain batean. Gernikarrak aurre hartu die defentsei eta bere burukada sareetara joango da Angelen gorputzean ukitu ostean. Ia bi urte igaro dira Athleticek korner batean buruz gol bat egin zuenetik. Azkena San Josek lortu zuen 2019ko urtarrilean Sevillaren kontra Kopan eta Ligan Nolaskoainek egin zuen San Mamesen Leganesen kontra 2018ko abuztuan.

Athleticek normalean baino arrisku gehiagorekin jokatu du baloia ateratzerakoan. Vencedorrek jokaldi batean adibidez izkin egin die mugimendu batekin Getafeko hiru jokalariri presioa gainditzeko. Capak eta Yurik ere zenbait baloi galdu dituzte eta hortik etorri dira zuri-gorrien arazo gehienak.

Apurka apurka etxekoak bere joko moldea inposatzen joan dira eta min egin diete zuri-gorriei baloi luzeekin. Faltak, ika-mikak, etenaldiak eta abantailaren legea bere erara ulertu duen epaileak ere lagundu diete bere helburuan.

Une zailak gainditu ondoren, Williamsek Capak bidalitako pase sakon bat harrapatu du eta bere erdiraketa Vesgak erremate bigun batekin bukatu du. Iñigo Martinezek ere falta jaurtiketa arriskutsu bat izan du.

Getafek berean jarraitu du, epaileak ezer egiten ez zuen bitartean. Horren adibide, Vesgari kolpe gogor bat eman dioenean Damianek saihetsetan eta ezikusiarena nola egin duen. Erasoan madrildarrek ez dute etsi eta Cucurellak hainbat buruhauste eman dizkie zuri-gorriei, nahiz eta aukera garbirik ez duen sortu.

Bigarren zatia Getaferentzat

Bordalasek Cabaço erdiko atzelaria sartu du bigarren zati hasieran Timorren ordez eta Djene zelai erdira pasatu da. Aldaketak on egin dio Getaferi eta berdinketa lortzeko zorian egon da lehen minutuan Aranbarrik zutoinera bidalitako jaurtiketa batekin.

Athletici sufritzea egokitu zaio tarte batean eta, hori gutxi balitz, Yuri lesionatu egin da. Atzetik atera ezinik egon dira, baloia mantentzeko arazoekin eta erasoan desagerturik. Luzean jokatzea izan da arnasa hartzeko modu bakarra.

Minutuak pasatzen joan dira eta Getaferen nagusitasuna gero eta argiagoa izan da. Hala ere, ez dituzte gol aukera garbiak izan. Partidaren joera ikusita, Garitanok Raul Garcia eta Oihan Sancet zelairatu ditu. Ezin izan dute askorik egin egoerari buelta emateko. Angelek kontraeraso bat harrapatu du eta areara iritsitakoan jaurtiketa batekin berdinketa lortu du.

Azken minutuetan De Marcos eta Morcillo sartu dira. Arabarrak Caparen lekua hartu du eta ikusteke dago daukan lesioa, benda batekin aritu baita jokatzen. Garitanok kolpe bat izan dela azaldu du. Yuriren kasuan berriz, zorabiatu egin dela esan du. Getafen ere Damianek aldaketa eskatu behar izan du. Lehia mantendu den arren, ez da aukerarik egon partida desorekatzeko.