INFO

Jakak ospakizun lasaia eta biharamun gozoa izan ditu

Buruz Buruko txapeldun berriak Bilboko Bizkaia pilotalekuan jaso ezin izan zuen berotasun guztia sentituzuen Lizartzara heldu zenean. Badirudi izterreko arazoa ez dela larria, eta kaiolarako ere prest da jada.

Erik Jaka, Buruz Buruko Txapela eta garaikurra erakusten atzo Lizartzan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Biharamun gozoa bizi izan zuen atzo Erik Jakak Buruz Buruko Txapelketa irabazi ostean. Igande gauean 22.00 aldera iritsi zen aurrelaria Lizartzara eta omenaldi beroa jaso zuen pandemiari iskin egiten asmatu zuten herrikideen partetik. “Erik Jaka, herria zurekin” dioen pankarta udaletxeko balkoitik zintzilik eta bere argazki handi bat ere bertan itsatsita zela, Bizkaia pilotalekuan jaso ezin izan zituen txalo guztiak jaso zituen txapeldun berriak.

«Egia da jenderik ez zegoela, kazetariak eta gutxi gehiago, txapela ere nik neuk jantzi behar izan nion neure buruari, baina une horiek bereziak dira eta beti gogoratuko ditut», onartu zuen atzo arratsaldean komunikabideekin egindako hitzorduan. Lasai, irribarretsu, bezperako ospakizunak oso lasaiak izan zirelako.

Eta biharamun horretan, bere txapela jende askorentzat ezusteko handia dela jakitun, izarrak izan gabe egunero-egunero jo eta ke lanean dabiltzan pilotarien aldarrikapen izan dadila nahi duela adierazi zuen. «Une honetan Dariorekin ere gogoratzen naiz, sekulako txapelketa egin duelako berak ere. Azkenean, ‘izar’ handi horiez gain erakutsi dugu beste pilotariok ere badakigula pilotan jokatzen eta lehiakorrak izan gaitezkeela txapelketa nagusietan».

Finalaren amaieran izterrean sentitu zituen arazo fisikoek ere ez dirudite garrantzizkoak eta Jaka prest da Lau eta Erdirako eta gero etorriko diren erronka guztietarako: «Gorriz jantzita jokatzea ez dut presio moduan hartzen. Niretzat harro egoteko arrazoi bat da, une honetaz gozatu egin nahi dut eta asmo horrekin begiratzen dut aurrera».

Aurkezpena, gaur bertan

Konfinamendu garaian galdutako denbora berreskuratu nahian dabilenez pilota profesionala, atseden hartzeko astirik gabe gaur aurkeztuko dute Bilbon asteburu honetan bertan hasiko den Lau eta Erdiko Txapelketa. Lehiaketa sistema Buruz Burukoan erabili den berbera izango da: enpresa bakoitzak sei pilotari aurkeztuko ditu eta kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira lau asteburutan amaitu ahal izateko –txapelduna abenduaren 27an ezagutuko dugu–. Ezkurdia, Altuna, Jaka eta Laso dira berez serie buruak.