Sorkuntzen plaza bihurtuko da Galdakao abenduaren 14tik 20ra
Sormene, sorkuntzen Galdakaoko plaza, egingo da abenduaren 14tik 20ra. Sormenetik edan, sormena sustatu eta sormen haziak erein nahi dituen egitasmoa. Euskal Herritik Galdakaora, eta Galdakaotik Euskal Herrira eginikoa.
Bi plaza izango ditu Sormenek. Bat fisikoa, Galdakaoko Torrezabal kultur etxea, eta bestea sarean, www.sormene.eus helbidean (egitarau osoa ere bertan aurki daiteke). Abenduaren 14tik 18ra, goizez, ikastetxeei begirako arte tailerrak antolatu dira, bina egunero. Bost sortzailek beraien arloko sormen prozesua zein den erakutsiko die ikasleei. Karmele Gorroño (Irrimarra), Imanol Epelde, Amancay Gaztañaga, Andra Mari dantza taldea eta La Basu dira gonbidatuak lehen edizio honetan.
«Gehienetan, emaitza erakusten da baina hori bezain garrantzitsua da bidea erakustea, emaitzatik harago sormen prozesua zein den erakustea», adierazi du Gotzon Barandiaranek, zuzendari artistikoak.
Arratsaldez publiko orokorrarentzako emanaldiak iragartzen dira, emisio irekian ere eskainiko direnak. ‘Erradikalak ginen’ (Ane Labaka eta Beatriz Egizabal) lanaren emanaldia; Lizar Begoña, Leire Bilbao eta Miren Agur Meaberen errezitaldi poetikoa –Arkaitz Miner musikariarekin batera–; Kirats Teatroaren ‘Mariage d'Amour’ emanaldia (Xabi Madina eta Nerea Iglesias), tartean.
Abenduaren 19an eta 20an, gainera, disko aurkezpenak eta beste emanaldiak antolatu dira, Ahotsenearekin batera. Durangoko Azokan nahiko espazio izango ez duenez, beste hainbat plazatara atera da aurten Ahotsenea: Literaturia, Araba Euskaraz, eta baita Sormenera ere.
Arnas luzeko proiektua izateko bokazioarekin jaio da Sormene. «Aurten lehenengo edizioa da, baina espero dugu hemendik 20 urtetara jarraitzea», adierazi du Iñigo Hernando alkateak. 90.000 euroko inbertsioa suposatu dio Galdakaoko udaleko Euskara sailari.
Udaberrian kalean egitekoak ziren baina izurriteak eraginda Torrezabalen hartuko du aterpe Sormenek. «Kalean, artista eta publikoarekin arteko zuzeneko harremanean irudikatzen dugu Sormena, baina momentuz ezinezkoa da», azaldu du Edurne Espillak, hizkuntz normalkuntza zinegotziak.
Emakumearen presentzia
Nabarmentzekoa da Sormeneren plazan erakutsiko diren sorkuntzen %80tik gora emakumeek egindakoak direla. «Musikariak, dantzariak, aktoreak… etorriko dira eta harrera berezia egingo diegu denei. Eta emakumeei dagokien fokua jarriko diegu, sormena emea baita», esan du Hernandok.
Garai zail hauetan kulturaren premia aldarrikatu dute. «Argi dugu administrazioen bultzada behar duela, bultzada politiko argia. Horren alde egin dugu Galdakaon, modu kontziente batean. Kulturak egiten gaitu herri, gure identitatea indartzen du. Orain inoiz baino gehiago komunitate bezala aritzeko ezinbesteko zaigu kultura. Sormenaren aldeko apustua egin dugu. Garai zail hauetan, plazak desagertzen ari diren garaiotan, plaza berria eskaini nahi diogu», esan du Galdakaoko alkateak.
Lau lan ildo ditu egitasmoak. «Sormena sustatzea, plaza eskaintzea, komunikazioa lantzea eta transmisioa bermatzea», kontatu du Barandiaranek. Sortzaileak, antolatzaileak, kazetariak, hezitzaileak eta kulturzaleak, bost kate-begiak.
Proiektuak daukan potentzialitateari jarri dio fokua. «Euskara ahotsa galtzen, euskarazko kultura ahotsa galtzen ari den garaio zail hauetan, garrantzitsua da eta itsas argia izan daiteke Sormene», gaineratu du.
Espillaren esanetan «euskarak kultura behar du eta kulturak euskara behar du. Lan kolektiboa beharrezkoa da. Sormene baliabide garrantzitsua galdakaoztarrontzat, baina baita Euskal Herriarentzat ere».