Udalbiltzak euskara hutsean egindako ‘sormen laborategiak’ sortuko ditu herrietan
Gure kulturak bereziki aurten bizi duen egoera penagarriaren aurrean «zerbait egin behar genuela» otu zitzaien Udalbiltzakoei. Behar horretatik sortu da Euskal Herri osoko 25-30 udalerrik batzen duen ekimena, ‘Geuretik sortuak’ izenekoa.
Euskara hutsean sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkigintza izango ditu ardatz Udalbiltzak gaur goizean Durangoko Plateruenea antzokian aurkeztu duen ‘Geuretik sortuak’ ekimena. Asmo handikoa –maila guztietan, 600.000-700.000 euro inguruko aurrekontua izango baitu–, egitasmoa dagoeneko martxan dago, baina oraindik lehen fasean.
2021. urte osoan eta 2022aren lehen erdira arte luzatuko da, aipatu dutenez. Etorkizunean izango duen jarraipena lehenengo edizio honetako emaitzen arabera izango da, esperimentu ausarta baita.
Udalbiltza partzuergoko ordezkaritza zabal batek, mugikortasun arazorik direla medio, eman nahi izan dio babesa ‘Geuretik sortuak’ ekimenari. Parte hartuko dute herrietako zinegotziak eta alkateak gerturatu dira Durangora Azoka arraroenaren bezperatan, baita kultur munduko ordezkariak, esaterako Euskal Aktoreen Batasuneko ordezkariak.
Pandemian, kultura eta euskara babestu
Bertan ere Errigorra herri ekimenaren lehendakaria, Natxi Aranburu, Nafarroako hegoaldean euskara eta gertuko produktuak sustatzen duen elkarte hau eta baita Zuberoako herrietako Zazpiak Bat elkarteak Udalbiltzaren kultur ekimen honi batu direlako.
Jabi Asurmendik, Arakaldoko alkatea eta Udalbiltzako lehendakariak aipatu duenez, «2020an zehar luze eta zabal hausnartu dugu euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutakoak Udalbiltzatik zerbait egin behar genuela pentsatzera eraman gintuen». Pandemiak eragindako egoera latzak, urgentziazko beste egoera bat azaleratu du, gainera, haren hitzetan: «euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa da».
Baina zer izango da zehazki ‘Geuretik sortuak’? Labur azalduta, euskal kulturgileei eskaintzen zaien laborategi-zirkuitu antzeko bat. Herrietan bertan eta herritarrekin sortutako egonaldietatik, eleberri laburrekin egindako bilduma bat, lau antzezlan inguru eta filme laburrekin osatuko den filme luze bat sortzea dute helburu.
Laborategi-zirkuitoa
Irailean hasitako lehen fasean daude sartuta orain; hau da, herriekin elkarlanean ari dira. Abenduaren amaiera bitarte luzatuko da eta gero, bigarren fase bati ekingo diote; kulturgileen deialdi publiko batekin. Hortik hautaketa egingo da eta kulturgile bakoitzak hainbat aste igaroko ditu egokituko zaion herrian, bere artelana sortzeko. Hau 2021an lehen erdian gertatzea aurreikusten da.
Hirugarren fase batean, 2021eko azken hiru hiruhilekoan eta 2022ko lehen erdian artean, herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuta. Paraleloan, liburu, film eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da. Azkenik, 2021 amaieran, balorazioaren garaia. Hurrengo edizioaren diseinua eta garapena aztertzeko.
Proiektu honetan parte har dezaten, 25-30 udalerri hautatu ditu Udabiltzak lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasuna erreparatuta. Eurak izango dira proiektutik aterako diren sormen lanen laborategi eta eszenatoki.
Hurrengo asteetan ekimenera herri gehiago batuko diren arren, momentuz herri hauek osatzen dute zerrenda: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexauntzu-Zünharre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Arantz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla. Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren kasuan, udal hauteskundeak duela gutxi izan dizutenez, beranduago hasi ahal izango du beraiekin lanketa prozesua.
Kulturaren ahotsak: «Hau amildegi bat da»
Koro Etxeberriak, Hernaniko kultura zinegotziak, gertutik ezagutzen du kulturaren munduaren egoera lazgarria; «Kultura, artea ezinbestekoak dira herrientzat –aipatu du–. Ezin ukatu gurean euskal kultura beti egon dela krisian, prekarietatean, gutxietsia edo antzeko hitzekin osatuta. 2020an, Covidaren eraginez, hau nabariagoa izan da hau, eta agerian utzi ditu bi gauza; kulturaren garrantzia gizartean eta artearen egoera larria. Estatu propioak ez izateak, bi estatuen artean banatuta egoteak, hiru administrazioetan zatituta egoteak arazoak, zailtasunak eta oztopoak baino ez ditu suposatzen euskal kulturaren eta artearen sormena, garapena eta hedapena normaltasunez eta naturaltasunez bideratu ahal izateko. Kulturak dituen funtzioen artean bi azpimarratu nahi ditugu; herri baten historiaren eta istorioen lekuko izatea eta sortzen den imajinarioa garatzea, batetik, eta bestetik hau egiteko erabiltzen den hizkuntza. Euskal Herrian egoera larria da bi maila hauetan. Lengoaia asko ditu arteak eta baina hizkuntza bat behar du».
Olatz Beobide aktore eta zuzendaria Euskal Aktoreen Batasuneko partaide da. Udalbiltzaren ekimenak galdera anitz sortzen dizkio, baita interesa ere. «Ekimen honek interesa dauka batez ere aukerak ematen dizkigulako, ametsetan jartzen gaituelako. Nirezat, adibidez, herri batekin lotua egotea amesten hasten da, hasten zara garatzen, pentsatzen nola egin... beti da interesgarria, gainera lana da eta gero dago lotuta hedapen batekin oso polita».
Eta zein motako sortzaileak aurkeztuko dira? «Sortzaileak oso gauza potenteak egiten ari dira gaur egun. Dagoen maila altua da, orohar. Horrelako gauza batera aurkezten dena profesionala da edo profesionala izan nahi du, eta ausardia du hori egiteko», Olatz Beobideren hitzetan.
2021 urtea aurtengo baina gogorragoa aurreikusten da, gainera, diru-laguntzak desagertuko direlako. «Euskal Aktoreen Batasuneko partaideak, etorri garenak hona, zorionez orain baditugu data batzuk ‘Zaldi Urdinarekin’ eta ‘Iparragirrerekin’, baina urtarrilaren 1etik aurrera ezer, amildegi bat da. Antzezlan txiki bat dugu, euskaraz, kañeroa, umorezkoa eta publiko orokorrarentzat, eta ez dago modurik, ez dugu lortu ezta estreinatzeko data bakar bat izatea. Horrek esan nahi du atzeraka ari direla (programatzaileak) eta egoera hau askatu egin behar da».