‘Sed quia sua’, euskarak zer dioen antzemateko saiakera idatzi du Iñaki Segurolak
Oteizak 1963an idatzi zuen ‘Quousque tandem…!’ liburutik abiatuta, eta haren itxuran oinarrituta, euskarak, gure hizkuntzak, zerbait esan ote lezake galderari erantzun nahi izan dio Iñaki Segurola filologoak ‘Sed quia sua’ saiakeran. Eta baietz dirudi.
Orain dela 57 urte Jorge Oteizak liburu bat idatzi zuen, ‘Quousque tandem…!’. 60. eta 70. hamarkada haietan arrastoa utzi, baina gerora ia ezezaguna egin den lan hartan, artistak asmatu zuen, deskribatu zuen, istorio bat euskal arimari buruz harrietatik, cromlech-etatik, abiatuta. Iñaki Segurola (Azpeitia, 1962) filologoak lan hura ez du sekula ahaztu, eta hura bidelagun izanik, ispilu moduko bat jarri dio alboan euskarak berak, hizkuntza gisa, «zer dioen antzemateko saioa» idazteko.
‘Quosque tandem…!’ hura «euskal arimaren interpretazio estetikoa» bazen, Segurolak idatzi duen ‘Sed quia sua’ (Erein) «hizkuntza honek zer dioen» galderari erantzuna emateko ahalegina da, aditzera eman duenez ostegun honetan Donostian egin den aurkezpenean. Saiakera oro bezala, galdera batean ditu lanak sustraiak; kasu honetan: «hizkuntza batean, edozeinetan, zerbait esaten da, dugu, baina hizkuntzak berak zerbait esan ote lezake?». Eta egileak berak esan duenez, «baietz dirudi».
Izenburuak, antza, Senekaren esaldi bati egiten dio erreferentzia. Hark esan ei zuen inork ez duela bere herria maite handia delako, berea delako baizik. ‘Berea delako’ hori da ‘sed quia sua’, azaldu du Inazio Mujika editoreak. Segurolak Xalbador eraman du bere azalera, eta bertsolaria aipatu du hain zuzen: «berak aplikatu zion ez ‘sua’, baizik ‘nostra’ euskarari; eta esan zuen euskara ez zuela maite ederra zelako bakarrik, baizik gurea zelako. Hortik abiatzen da Iñaki Segurolaren lana, eta erreferentzia egiten dio zuzenean Oteizak idatzi zuen saiakerari».
Bi argitalpenen artean ia sei hamarkada igaro dira. Gehiengo zabalarentzat, Segurolak berak onartu duenez, ezezaguna da lehenengoa. «Ez nekien publiko zabalak ahaztua zuenik», aitortu du; horregatik berehalako batean ez da ohartuko estetikoki biek duten antzaz. Bai azala, tipografia, latinezko izenburua eta abizenarekin soilik sinatzeko modua berbera dira. Egituran ere imitatzen du.
Mujikak ohartarazi duenez, eta egileak ez dio ukatu, olgetan-benetan hartu/irakurri beharreko liburua da. Hau da, erdi txantxetan erdi serio. «Benetan dena baino zailagoa dirudi, ez da zaila, baina bai konplexua. Baina beldurrak kendu nahi nituzke. Orrialdeak opa behar zaizkio liburuari, hasi eta utzi erreka horretan sartzen. Oteizak esaten zuen bertsolariak egiten zuela euskararen erreka horretan sartu, murgildu eta arnasa hartzen zuela tarteka errimak egiteko. Irakurleak orain hori egin behar du, murgildu, gauza batzuk agian ez ditu ulertuko, baina hala ere erakarri egingo dute», esan du.
Mujikaren aburuz, «Oteizak saiakera hartan esanarazi zion euskarari berak esan nahi zuena, eta Segurolak azaletik beretik komentatzen duen bezala, hizkuntzari entzun nahi izan dio, eta hizkuntzak esan diona kontatu digu guri, baina ez iluminatu baten ezta ere profeta baten moduan. Olgetan-benetan esan du, eta kontzeptua liburu honetan inportantea da, jolasean eta benetan ari delako. Kontzeptu hori maiz errepikatzen da».
Mamiaren hiru atalak
Liburuaren edukia hiru ataletan banatu du azpeitiarrak. Lehenengo zatian «nolabaiteko kontu batzuk astintzen dira, eta bereziki desmarkatzen da ‘ñañojakintza euskaljatorretik’. Euskararen zahartasun edo antzinatasun eta beste topiko merkezurreko mordo bat hartzen dira», azaldu du. Euskal gogoaz ere ari da egilea, bereziki galdetzeko: «zer da ‘gogoa’?».
Bigarren atalean, «erdiko trontzoa» deitu diona, Oteiza «gogor» hartzen du. ‘Euskal profeta belarrimotza’ deitzen dio, baina era berean onartzen du «asko» estimatzen duela. «Asko zor diot», gehitu du. Hala ere, bada ia barkatzen ez dion zerbait: «euskararik jakin ez eta euskal jendearen gainetik jarri eta zer den euskara eta zer ez erabakitzea euskaldunen sentieren kontra».
Hirugarren atalean, ehundik gora hitzetik abiatuta, munduko zenbait gai eta «gauzatxo» hitz horietatik argitzeko saioa egiten du.
Liburu hau Euskararen Nazioarteko Egunean ez ezik, alarma egoeran aurkeztu izanak erabat egoki definitzen du, Segurolaren ustez. «Alarman sartzeko modukoa baita, ez ote diren aurki munduko hizkuntza koxkor menoxtu guztiak geldituko zer dioten adierazteko arnasarik gabe, eta beraz, ez ote garen geldituko gu modurik gabe haiek zer dioten antzemateko», amaitu du.