INFO

Estudiantesek saririk gabe laga du Bilbao Basket (77-78)

Victor Arteagak segundo bat eta erdiren faltan sartu duen azken saskiratzeak erabaki du Miribillako neurketaren zoria. Bilbotarrek, nahiz eta Balvin eta Serron gabe jokatu, azkenera arte borroka egin dute, Reyes, Miniotas eta Huskicen eskutik, merezi baino zorte eskasagoarekin, tamalez.

Alex Reyesek sekulako partida jokatu du, baina saririk gabe geratu da. (A. ARRIZABALAGA / ACB PHOTO)

RETABET BILBAO BASKET 77 - MOVISTAR ESTUDIANTES 78

Ondrej Balvin eta Serron gabe jokatu behar izan du RETAbet Bilbao Basketek Estudiantesen aurkako igande eguerdiko partida. Zorionez, Ludde Hakanson –baita Nahuel Del Val harrobiko gaztea ere–. Ikusi egin behar hutsuneek ala etorri berriek zeintzuk zuten pisu handiagoa beltzezko gizonen jokoan, behingoan hirugarren garaipena lortu eta atzeko postuetatik ihes egiteko xedez, non eta larunbatean Zaragozak galdu egin zuen Zaragozan eta igande goizean Betis Andorran ere galtzaile atera den.

Azkenera arte egin du borrota RETAbet Bilbao Basketek, baina Zyskowskik azken orduan izan dituen jaurtiketa libreak hutsegin ostean, Victor Arteagak erabaki du neurketaren zoria erasoko errebotea eta garaipenaren saskiratzea lortu ondoren. Bilbotarrek azkenera arte borroka egin dute, memento oso txarrak atzean lagata, eta Alex Reyes, Miniotas edo Huskicen lan bikainari esker. Baina Avramovic, Roberson eta Arteagaren partida bikainak merezi baino muturreko handiagoa eman dio Alex Mumbruren taldeari

Baina azken emaitzara iritsi arte, lan handia egon da egiteko eta aurreneko minutuotan Bilbao Basket Felipe Dos Anjos pibot brasildar gaztearen lanari esker moldatu da, bere taldekideak puntuak sartu ezinik ibili baitira. Bizkaitarren defentsa txukuna izan da bederen, baina hala ere Estudiantes hobeto hasi da, puntuak jokalari gehiagoren artean banatuz gutxienez, nahiz eta Madrilgo taldeko jaurtitzaileak kamuts aritu diren urruneko jaurtiketetan; gaitzerdi bilbotarrentzat.

Huskic eta Reyes aulkitik kantxara irten direnean Bilbao Basketen erasoa apur bat erraztu da, serbiarrak jokoa ikusteko duen talentuari esker. Alabaina, Estudiantesen ordezkoak ere partidan behar bezala sartu dira, Arteaga eta Roberson batik bat, eta hauen bien puntuei esker, madrildarrek abantaila labur bat mantendu dute lehenengo laurdenaren amaieran: 15-16.

Reyes, Huskic eta Miniotasen eskutik, Bilbao Basketek halako baten aurrea hartzea lortu du bigarren laurdenaren hasieran, 7-0eko partzial bat lortuz eta, bide batez, Estudiantesen hutsartea behartuz. Dena den, bolada ona ez zaio berehalakoan eten Bilbao Basketi eta alde nabarmena hartzea lortu du, Reyesen hirukoekin eta barruko jokoan erakutsi duen nagusitasun harrigarriari esker: 31-19. Zortea ere alde izan dute Alex Mubrurenek, uztai gainean dantzan aritu ondoren pare bat hiruko sartzea lortu baitute Reyesek eta Jauylon Brownek.

Bigarren laurden honetan jokoaren erritmoa ere erotu egin da neurri baten eta horrek mesede egin dio Estudiantesi. Hala, Borwn eta Arteaga barruko jokalarien kalitateari esker, eta Dovydas Giedraitis hegalekoaren puntuekin, atzekoz aurrera egiten hasi da talde madrildarra, 0-9ko partziala lortuta. Hori nahikoa ez eta, Avramovicek bi hiruko kateatu ditu eta hala Estudiantesek buelta eman dio partidari, eta atsedenaldira 35-37 aurretik iritsi da.

Lorratza galtzen

Nekea eta egoera txarra nabarmentzen hasi zaio Bilbao Basketi hirugarren laurdenena. Tarteka markagailuan aurretik ere jartzea lortu du, baina ez du Estudiantesen erritmoa jarraitzerik lortu. Avramovic, Arteaga eta Robersonek sekulako kaltea eragin dute bizkaitarrengan, nahiz eta Miniotas, Zyskowski eta Brown jokoan sartu diren halakoren baten.

Estudiantesek azken laurdenera markagailua 54-60 dela iristea erdietsi du eta alarma guztiak piztu dira Alex Mumbruren taldean. Zorionez, Rousellek aurrera pauso bat eman du, asistentziak, faltak eta puntutxo batzuek lortzen; ez hori bakarrik, Alex Reyesek ACB Ligan dagoenetik egin duen partidarik onenean, beste bi hiruko segidan sartu ditu –bostetik bost Extremadurakoarentzat– eta, kostata bada ere, 66-65 aurreratu du Bilbao Basket. Oraindik, ordea, sei minuture faltan partida amaitzeko.

Avramovicen indarrari esker Estudiantesek markagailuan aurrea hartzea lortu du berriz ere, are gehiago Rousellek umekeria egin eta laugarren pertsonalaz gain, falta teknikoa ikusi duenean bi minutu baino gutxiagoren faltan. Hala, 73-76 markagailuan dela, Hakanson antolatzaile osatu berriaren esku geratu behar izan da Bilbao Basketen erasoaldi oro amaierara arte.

Mumbruk azkenean Jaylon Brown jarri du antolatzaile postuan eta Alex Reyes atera du Hakansonen lekuan –oraindik oso ahul dago suediarra covid-19a gainditu ostean–. Brownen jaurtiketa libreei esker 75-76 hurbildu dira bilbotarrak; are gehiago, erasoko errebotean lana beltz egin ondoren bi jaurtiketa libre atera ditu Huskicek markagailua etxekoen alde jartzeko. Serbiarrak 77-76a lortu du eta hurerengo defentsan Zyskowskik errebotea eta bi ajrtiketa libreak atera ditu, partida ia erabat bilbotarren alde jartzeko, baina poloniarrak biak hutsegin ditu, eta hurrengo erasoan Arteagak 77-78a sartu du Avramovicek kale egin duen jaurtiketaren errebotea hartu eta gero. Segundo bat eta erdi geratu zaio Bilbao Basketi, eta hutsartea Mumbruri. Tamalez, etxekoen alboko sakea zuzenean  kanpora joan da eta esfortzu guztiak ez du saririk izan.

Balvin eta Serron, puska baterako kanpoan

Igande arratsaldeak errematea jarri dio Bilbao Basketen egun garratzari, izan ere talde bilbotarraren webguneak Ondrej Balvin eta Quentin Serronen lesioen berri eman du, eta itxura guztien arabera, 2020a amaitu da jokalari bientzat.

Pibot txekiarrak bihurritu moderatua/larria du ezkerreko orkatilan, eta tibioperonearen sindesmosiari eragiten dio. Eskolta belgikarrak, berriz, haustura partziala du ezker belauneko errotulu-tendoian. Pronostikoa kasu bietan, bilakaeraren araberakoa ei da, baina 6-8 aste bitartean kantxetatik at egoteko traza dute biek ala biek.

Bilbao Basket: Rouselle (6), Jaylon Brown (10), Zyskowski (6), Kulboka (1) eta Dos Anjos (7) –hasierako bostekoa–; Hakanson (1), Reyes (21), Huskic (15), Miniotas (10, Kljajic eta Del Val.

Estudiantes: Cvetkovic (5), Gentile (6), Alec Brown (3), Giedraitis (5) eta Stoilov –hasierako bostekoa–; Arteaga (15), Roberson (16), Avramovic (26), Djurisic (2) eta Vicedo.

Partzialak: 15-16, 20-21, 19-23, 23-18.