Azken izakinak (eta orduak) amaitu arte
Erloju kontrakoa izan ohi da Durangoko Azoka; aurten, are gehiago. Gauerdian itxiko ditu ‘ateak’ online dendak eta, helmuga hor jarrita, egunari despedidaren usaina antzematen zaio. Gaur amaitzen denak ordea, bihar jarraipena izango du Azokak liburu-dendetara salto egingo baitu.
Euri-zaparrada kanpoan, kultur-zaparradaren gosea Landako eta Plateruenaren barnean. Gaur egun dena da aldakorra, ezohikoa; horretara ohitu egin gara. Edo, hobe esanda, nahi eta nahi ez ohitzen hasiak gara. Durangoko Azokaren 55. edizio ‘pandemiko’ honen azken egunean sortzaileak eta, oro har, kulturaren sektorea pairatzen ari den egoera latza azaleratu egin da, argi eta garbi, sortzaileen beraien ahotsetan.
Haize suntsitzaile bat izango balitz bezala, birusak dena hankaz gora utzi du, eta agerian gelditu da, esaterako, sektoreak pairatzen duen prekaritate egoera. Eta honi nola aurre egin? Agian, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ eta Miren Amurizak eguerdi honetan oihukatu duten legez; «Sormena da bide bakarra!». Aurten edizioaren leloa eta mezuari jarraituz, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak eta Miren Amurizak beraien bakarrizketak eta hausnarketak –beldurrak, ikarak, desirak...– bota dituzte ‘Taupadaz TaupaDA!’ ikuskizunean.
Zeremonia-maisu, Maite Arroitajauregiren musika eta unibertso artistikoa. Eta ‘Mursego’, beti bezain aparta, sakona, dibertigarria eta jakinduriaz beteta.
Kontzertu zirkuituaren arrakasta... eta arriskuak
Musikak, egia esan, pisu berezia izan du ezohiko Azoka honetan. Egoerari aurre egiteko, Azoka lehen aldiz zabaldu baita Euskal Herri osora ‘Zu non, han DA!’ egitasmo bikoitzaren bidez; alde batetik, musika zirkuitu berri bat sortu duelako; beste alde batetik, Gabonak arte eta asteazken honetatik aurrera, Azokak liburu-dendetan presentzia izango duelako.
Jon Arriaga, ekimen honen koordinatzailea, errepidean bizi da egun hauetan. Literalki. Gaur gauean hiru asteetako sprint honi bukaera emango dio. «Erronka bezala pertsonalki interesgarria egin zait eta, aldi berean, estresantea», aitortu du. Aberasgarria eta arriskutsua ere, zubian izan dugun eguraldiarekin. Esaterako, Gatibu taldeko partaideek larunbatean izan zuten istripua Azpeitian eskaini zuten kontzertuaren ostean. Onik atera ziren, baina rock and rollak ordain horiek ditu.
Zortzi herrietan, Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem) egin da kontzertuen zirkuitua. «Gu joan gara areto pribatuetara, Euskalduna jauregia izan da salbuespena, sektorearentzat laguntza zuzenagoa izan zedin», dio Jon Arriagak. Berehala saldu dira sarrera gehienak, baina sould out kartela zintzilikatzearen gose horri arriskuak ikusten dizkio.
«Moda hori ez dut gustuko, alde batetik gaur egun ez delako zaila dena saltzea. Esan nahi dut, Donostian 60 lagunentzat saltzea, edo Zea Maysek 400 lagun sartzea Euskalduna jauregian, edozein herrietako jaietan eramaten duenean hori baino gehiago. Beste alde batetik, hemen nahasten dira talde potenteak eta hasi berriak edo proposamen desberdinak direnak, eta orduan badirudi dena saldu egiten ez baduzu, batez ere garai honetan, frustrazioa sortu dezakeela. Kontuz erabili behar den zerbait da, taldeak ikusten ditudalako oso pendiente sare sozialetan hori publikatu ahal izateko».
Hain denbora laburrean martxan jarritako zirkuitu honen arrakastak ere zer pentsa ematen du. Urriaren bukaeran proiektuarekin hasi eta azaroan, hiru asteetan, esprinta egin zuten. Ipar Euskal Herria kanpoan gelditu zitzaien (Biarritzeko Atabal nahi zuten erabili), baita Iruñeako Zentral aretoa. Enplegu Erregulazio Espedientetik (EEE) ateratzea ez zitzaien errentagarria ateratzen. Izandako harrera ezin hobeak zer erakutsi du?. «Horrek erakutsi duena da jendea zuzenekoen gose dagoela, nahiz eta ez izan baldintza egokietan; egon behar zara jarrita, musukoa jantzita, ezin izango duzu trago bat hartu. Hala eta guzti, oztopo horiekin ere, saldu dira sarrerak. Nahiko azkar, eta saldu ez diren tokietan, azkar hasi ziren saltzen».
Gabonak arte, liburu-dendatan
Asteazken honetatik aurrera, hilak 9, egitasmo honen bigarren faseari hasiera emango dio Azokak; alegia, bihartik aurrera eta urtarrilaren 8ra arte, Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean. «Liburu-denda askok eman dute izena, oso handiak direnak eta frankiziak direnak ere eman dute izena, baina baita oso txikiak direnak, edo herrietako estankoak direnak. Abanikoa oso zabala da. Aurreikuspen bat bagenuen, hor ibili da gutxi gorabehera, baina epetik kanpo izena eman duten asko kanpoan gelditu dira». Liburu dendetan Azokako nobedadeak modu identifikagarrian izango dira. Pack desberdinak prestatu dira, liburu-denden beharren arabera, eta argitaletxeekin koordinatuta.
«Saiatu nahi da Azokaren ‘marka’ erabilita, eta duen ‘tiroi’ hori aprobetxatuta, olatua Gabonetaraino luzatu dadin». Eta berritasun hauek jarraipena izan al dezakete hurrengo edizioetan?, galdetu diogu Jon Arriagari. «Batek baino gehiagok komentatzen du ea berrikuntzetatik zeintzuk geldituko diren. Ez dut argi, zeren nik argi daukadana da urte berezi bati emandako erantzun berezi bat izan dela. Orduan ez nintzateke ausartuko esatera zer geldituko den. Ez genuke ardura guztia jarri behar Durangoren gainean, Durango delako data konkretu batzuetan egiten dena».