Sei aizkolari arituko dira igandean Bilbon Sherpa.ai txapelketa berriko finalean
'Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia' izena daraman txapelketa berri hau aizkolariek sortu dute, Federaziotik kanpo, kirol hau «modernizatu eta profesionalizatzeko» helburuarekin.
Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu aizkolariak izango dira protagonista, igandean Bilboko Bilbao Arenan, 'Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia' izena daraman txapelketa berrian txapela eskuratzeko helburuarekin. Sei aizkolari hauek iragan urriaren 24an Zestoan egindako sailkapen proban lortu zuten finalerako txartela.
Txapel hau berria izango da, aizkolariek beraiek sortu baitute txapelketa, Federaziotik kanpo, kirol hau «modernizatu eta profesionalizatzeko» helburuarekin.
Finala 12.00etan hasiko da Miribillako eraikinean eta aizkolari bakoitzak sei enbor moztu beharko ditu: 54 ontzako bi enbor (40 zentimetroko diametroa), 60 ontzako beste bi (44 zentimetroko diametroa) eta 72 ontzako beste bi (53 zentimetroko diametroa).
Lehen mailako finala baino lehenago bigarren mailakoen txanda izango da. Aipaturiko enbor horien erdiak moztu beharko dituzte Larrea III.a, Corchero, Jauregi, Aratz Mugerza, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai IV.a eta Julen Kañamares.
Asteazken honetan Bilbon egindako aurkezpenean, protagonistek aizkolaritzaren «modernizazioa» azpimarratu dute. Horretarako, azken aste hauetan sorturiko «presentzia digital potentea» nabarmendu dute, eta horrekin batera, webgunea eta sare sozialetan sortutako perfila ere aipatu dituzte.
«Denontzat hain zaila izaten ari den urte honetan, gure kirola etorkizunera eramateko bidea irekitzeko erabakia hartu genuen aizkolariok. Gure batasunak fruituak emango ditu, eta txapelketa hau horren eredu da. Final honekin ikaragarri liluratuta gaude», azaldu du Iker Vicente 2019ko txapeldunak.
Aitzol Atutxa bizkaitarrak –2014 eta 2018 artean dominatzaile– azpimarratu duenez, berak eta bere kideek baieztatu dute «gurea bezalako kirol eta kultura minoritarioetan aurrepausoak emateko aurreiritziak eta inbidia pertsonalak alde batera utzi behar direla».
«Generazio honetako aizkolariok kirolari profesionalak gara eta, beste kirol diziplinetan bezala, maila guztietan prestatzen gara. Gure helburua zabaldu eta modernizatzea da. Aukera bat emateko eskatzen diogu jendeari», gaineratu du bizkaitarrak.
Aitzol Atutxa NAIZ Irratitik pasa zen urrian txapelketa berri honen inguruan berri gehiago emateko. Hona hemen bere adierazpenak.