Selekzioaren ofizialtasunaren eskaera egitea aldarrikatu diote jokalariek Federazioari
Ainhoa Tirapuk, Asier Riesgok, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik izenpetutako adierazpen batean, Euskadiko Futbol Federakundeko zuzendaritzari eskatu diote ofizialtasun eskaera egin dezala oraingo agintaldia amaitu baino lehen, duela bi urteko Batzar Nagusian hitz emandakoa betez.
Euskal Selekzioaren ofizialtasun eskaria egitea exijitu diote Euskadiko Futbol Federakundeari Ainhoa Tirapuk, Asier Riesgok, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik.
Duela bi urteko Federazioaren «Batzar Nagusiak agindutakoa betetzea» eskatzen dutela zehaztu dute, EH Kirolak ekimenak zabaldutako ohar batean. Izan ere, 2018ko abenduaren 12an egin zen batzar hartan izan ziren jokalari hauek eta gogoratu dute orduan ia aho batez onartu zela ofizialtasuna aldarrikatzeko eskaera formala gauzatzea. «Bi urte pasata» orduko erabakia gauzatu ez dela kexu agertu dira.
Euskadiko Futbol Federazioko presidente Luis Mari Elustondoren agintaldia amaitzear dela, UEFAn eta FIFAn sartzeko eskaria egitea dagokiola ohartarazi diote presidenteari.
Jokalariek euskal futbol munduaren sentimenduan kokatzen dute euren posizioa esateko Euskal Selezioarekin duten konpromisoari eusten diotela, baina, ohartu dutenez, konpromiso horri eusten diote «beti ere ofizialtasunaren bidean aurrera egitekotan».
«Eta ildo horretan, hain zuzen ere, uste dugu ezinbestekoa dela Batzar Nagusiak agindutakoa betetzea: ofizialtasuna nazioartean eskuduntzak dituzten erakundeen aurrean eskatu behar da, eta eskaera hori Euskadiko Futbol Federakundeko egungo zuzendaritzak egin behar du», jasotzen da Tirapuk, Riesgok, Zurutuzak eta Illarramendik abenduaren 8an sinaturiko oharrean.