INFO

LABIk hartutako erabakiak «arduragabeak» direla salatu du EH Bilduk

EH Bilduk bere kezka adierazi du asteazkenean LABIk hartutako neurriekin eta Urkullu lehendakariak jendarteratutako mezuekin. Pandemiari aurre egiteko, epe motz, ertain eta luzerako neurriak hartu behar direla nabarmendu du.

Maddalen Iriarte y Nerea Kortajarena, EH Bilduko legebiltzarkideak. (Endika PORTILLO/FOKU)

LABI larrialdi batzordeak atzo hartutako erabakiak eta Urkulluk zabaldutako mezua, pandemiaren datuak ikusita, «arduragabeak» direla salatu du EH Bilduk. Pandemiari aurre egiteko, epe motz, ertain eta luzerako neurriak hartu behar direla eta LABIak «epe motzekoan egoten jarraitzen duela» azpimarratu du koalizio soberanistak.

«Berriro ere birusari aurre egiteko erantzukizuna herritarron bizkar utzi da. Berriro ere osasunaren aurretik irizpide kontsumistak jarri dira. Urkulluk zuhurtzia eskatu badu ere, ez da zuhurtziaz gestionatzen ari pandemia. Ospitaleratze eta heriotza tasak oso altuak izaten ari diren unean erabaki dute berriro lausotzea hainbat neurri. Herritarren ongizateaz hitz egiten ari dira, baina berriro ere kontsumoa da lehenesten ari dira», adierazi du EH Bilduk ohar baten bidez.

Era berean, gizarteko hainbat sektore kontuan hartu ez dituela egotzi dio EH Bilduk Urkulluri: Erresidentzietako egoiliarrak (bisitak gabonetan bakarrik bermatu zaizkielako), adinez txikoak (kirola egiteko debekua mantenduz), autonomoak (iragarri ziren laguntzak jaso beharrean, dirurik ez dagoela dioen gutuna igorri baitzaie), egoera zaurgarrian geratu diren pertsona eta enpresak, eta osasun eta zaintza eremuko profesionalak.

Urkulluren gestioa «eskasa» dela salatu du EH Bilduk. «Iragarri berri dituen neurri hauekin, eta egungo ospitaleratze zein heriotza tasak mahai gainean ditugula, zoritxarrez hirugarren olatu askoz ere bortitzago bat eman ez dadin baldintzak ez direlako ezarriak izan».

Horregatik, EH Bilduk pandemiari aurre egiteko estrategia «sendo» bat behar dela nabarmendu du, «jendea eta ekonomia babestuko dituena». Horretarako ostalari, dendari eta autonomoei zuzendutako baliabide ekonomikoak aktibatu behar direla dio, erresidentzietako sistema errebisatu eta «humanizatu» behar dela, lehen arreta eta osasun zein zaintza sistema kolapsotik urrundu eta langileen zein hartzaileen baldintzak duintzeko kontratazioak aktibatu behar direla.

Gainera, inprobisazioa eta «unean uneko interes ekonomikoei» erantzuna ematea baztertu du.