INFO

Ekitaldi eta ikuskizunen sektorearen muturreko egoera irudikatu dute Bilbon

Bilboko kaleetan ekitaldi eta ikuskizunen sektoreko hainbat kide bildu dira, Alerta Gorriak deitutako ibilgailu martxa batean, bizi duten «muturreko egoera» irudikatu eta «neurri zehatzak eta errealistak» artikulatzea eskatuz.

Ekitaldi eta ikuskizunen sektorearen muturreko egoera irudikatu dute. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Alerta Gorria ekimenak deituta, hainbat ibilgailu erabilita ekitaldi eta ikuskizunek osasun krisia abiatu zenetik bizi duten «muturreko egoera» irudikatu dute Bilboko kaleetan. San Mamesetik Moyua plazarako bidean gogora ekarri dute bederatzi hilabete pasa direla eta «ez dagoela aldaketarik».

Leire Salamanca argi teknikari eta ekimeneko kideak NAIZi adierazi dion moduan, «egungo egoera aurretik zeuden arazoen ondorio da». Sektore oso anitza da ekitaldi eta ikuskizunena eta bakoitzari garai eta modu batean eragin dio ere osasun krisiak. Hau iraultzeko, hasteko, zehazki zenbat jende dagoen kaltetua jakitea eskatu dute. «Diru-laguntzetarako hau beharrezkoa da. Hau konpondu beharra dago. Ez ginateke egoera honetan egonen aurretik oinarri on bat bagenu», adierazi du Salamancak.

Gaur egun badira diru-laguntzak jasotzen ari direnak, baina honek ez du egoera konpontzen. «Diru laguntzak egon behar dira lanik ez dagoen bitartean, eta ez 400 eurokoak eta beste batzuekin bateragarriak ez direnak», defendatu du. Hala ere, azpimarratu du kolektiboaren nahia «bizitza berreskuratzea» dela. «Ez dugu diru-laguntzetatik bizi nahi, gure lanetik bizi nahi dugu».

Zentzu horretan, neurri zehatzak eskatu dituzte. «Gure sektorea bereziki kaltetua eta bereziki zaurgarria izan den heinean, gure ohiko jarduera berreskuratu arte, bereziak izango direla jakinda, neurri zehatzak eta errealistak artikulatzea eskatzen dugu».

Badira edukiera murrizketekin egiten ari diren ikuskizunak, baina ekuazioa ez da positiboa. Aurretik zituzten gastu berberei, diru-sarrera murritzagoekin egin behar baitiete aurre. «Erakutsi dugu ekitaldiak antolatu ditzakegula neurriak hartuta eta ez dela kasu agertzerik egon. Ez dugu ulertzen zergatik ez diguten aukera ematen».

Alerta gorria eta etorkizun beltza

Honela, etorkizunera begira, gauzak ilun ikusten ditu Salamancak. «Profesional edo talde askok ezingo dute jarraitu. Inbertsio asko geratu dira erantzunik gabe». Teknologia oso azkar doa aurrera eta aurten gastatutakoa zaharkituta geratuko da denbora urrian. «Askok beste ogibide bat aurkitu beharko dute. Familia asko gara. Gobernuak ikus dezala zein egoera larria den», eskatu du.

Gainera, egoerari ez diote epe muga bat ikusten. «Psikologikoki jota dago jendea. Inork ez digu esaten hau noiz gaindituko den. Egoera oso latza da».