INFO

Euskal herritarrek 6,4ko nota jartzen diote beren bizitza sexualari

Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa egin du Kaixomaitia.eus euskaldunon harremanetarako guneak bigarrenez. Lehen ikerketa 2016. urtean egin zuen eta bigarren honetarako datuak aurtengo otsaila eta martxoa bitartean bildu zituzten, itxialdia baino lehen.

Kaixomaitia.eus guneak bigarrenez egin du sexu inkesta.

Kaixomaitia.eus guneak bigarrenez egin du sexu inkesta, lehena 2016an egin baitzuen. ‘Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa’ egiteko Aztiker Soziologia Ikergunea izan du bidelagun eta datuak aurtengo otsaila eta martxoa bitartean bildu zituzten. Zenbait galdera erantzutea izan du helburu ikerketak: Zoriontsuak ote dira euskal herritarrak maila afektiboan? Zer moduzko bizitza sexuala daukate? Nola ikusten dituzte Internet bidezko harremanak? Zeri ematen diote balioa harreman batean?

Hamasei urtetik gorako 8.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute inkestan. 73 galdera erantzun ditu bakoitzak –anonimotasuna gordeko den ziurtasunaz– eta parte hartzaileen profilak aztertu eta gero, honako unibertso honetan kokatu daitezke emaitzak: 18 eta 64 urteko herritarrak, euskaldunak eta Hego Euskal Herrikoak.

Maiztasun sexuala, nahia vs. errealitatea

Jasotako datuek erakusten dutenez, euskal herritarrek 6,4ko nota jartzen diote beren bizitza sexualari. Zoriontasun maila afektibo edo emozionalari, berriz, 7,4ko nota. Bi kasuetan zoriontasun maila igo egin da 2016ko datuekin konparatuz gero. 2016an zoriontasun maila sexuala 5,79koa zen eta zoriontasun maila emozionala 6,9koa. Aldiz, sexu harremanen kopuruak behera egin du. 2016an astean 1,15ean kokatu zen maiztasun sexuala eta 2020an, astean 0,97an.

Euskaldun gehienek –%36,8– astean behin edo bitan izaten dituzte sexu harremanak. Astean behin baino gutxiagotan, %25,7k eta astean hirutan edo gehiagotan, %12,1ek. Hori da errealitatea. Nahia, berriz, bestelakoa da. Erantzun dutenen %44k astean hirutan edo gehiagotan nahiko lituzkete sexu harremanak. Eta bitxia dena da bi inkestetan puntu berean kokatu dela maiztasun sexualaren nahia; 2,97 aldiz astean.

«Zenbat maite duzu zure bikotekidea?» galderari gehienek «asko edo izugarri» erantzuten dute. Batez bestekoa hamarretik 8,8 puntukoa da. Joera hori nabarmena da 18-29 urte bitartekoen artean (%97) eta apalagoa 45-64 urte bitartekoen artean (%90). Une honetan maiteminduta daudela aitortu dute %61ek eta ez daude maiteminduta %32. Bikotekidea dutenen artean, %14 inguru ez dago maiteminduta. Harreman batean zer bilatzen ote duten galdetuta, «konfiantza eta zintzotasuna» dira gehiengoaren nahiak, %78,4. Segidan doaz elkarrekiko maitasuna (%68,3), adiskidetasuna eta ondo pasatzea (%58,9) eta sexua (%47,2).

Lagunartea eta parranda dira bikotekidea topatzeko biderik ohikoenak euskal herritarren artean; %35,3k lagunartean ezagutu du bikotekidea eta %27,8k, parrandan. Joera hori aldatu egiten da homosexualen artean, Internetek pisua hartzen baitu; %38,5ek Interneten ezagutu dute bikotekidea.

Harreman irekien gaia ere jarri du mahai gainean sexu inkestak. Euskal herritarren %16ak harreman irekiak izan ditu eta %84ak ez. 2016ko emaitzekin konparatuz, %5 behera egin dute harreman irekiek. Harreman irekiak izan dituztela esan duten gehienak 18-29 adin tartean kokatzen dira. Beren harremana irekitzeko aukeraren inguruan, %20ak harreman irekia du edo izan nahiko luke. Aldiz, %64ak ez luke ireki nahi. Datu hau dezente jaitsi da 2016ko ikerketaz geroztik, %5 hain justu. Beraz, harreman irekiak jaitsi egin dira eta baita harreman irekien aldeko jarrera ere. Orokorrean gizonezkoek emakumezkoek baino jarrera irekiagoa dute harreman irekien inguruan. Joera sexualari erreparatuta, bisexualak dira harreman irekiak bizi dituzten gehienak.