INFO

Ezkurdiak uste baino errazago menderatu du Artola eta finalerdietan izango da aurten ere (22-8)

Azken bi urteetako txapeldunak 15 tanto segidan egin ditu 6-6kotik 21-6kora alde egiteko. Erik Jakaren aurka neurtuko ditu indarrak finalerako txartelaren bila.

Ezkurdia eskuin bolea jotzen, Artola atzean begira duela (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Joseba Ezkurdia, azken bi urteetako txapelduna, Lau eta Erdiko finalerdietan izango da aurten ere gaur Eibarren Iñaki Artola 22-8 menderatu ostean. Arbizuko aurrelariak uste baino lan errazagoak izan ditu bere benetako maila ematerik izan ez duen alegiarraren aurka.

Ez da horrela izan partidako lehen tantoetan. Artola 0-2 aurreratu da markagailuan eta bi pilotariek bizi jokatuz ekin diote demari. Ezkurdiak abiadura gehiago sartzen zion pilotari, baina lehen une horietan Artolak ederki asmatu du nafarrari zuloak bilatzen, dejada pare bat ere ederki botaz.

Baina 6nako berdinketaren ondoren dena aldatu da: Ezkurdiak 15 tanto jarraian egin ditu eta zuzenean 21-6kora alde egin du, norgehiagoka erabat apurtuta utziz.

Partzial horren lehen erdian-edo Artola saiatu da erauntsia nolabait mozten, nahiz eta ez duen batere asmatu. Bigarren erdian jada neurketatik joan egin dela esan liteke, tantoak azkarregi oparituz. Zentzu horretan, Ezkurdiak sakez sartu dizkion 9 tantoak nabarmendu behar dira, horietatik batzuk maltzurrak baina beste dezente eramateko modukoak, Artolak errestoa gora edo zabalera bidalita egindakoak.

Amaieran bi tanto gehiago egin ditu alegiarrak baina ez du ezertarako balio izan: Joseba Ezkurdia izango da finalerdietan Erik Jakaren aurka jokatuko duena.

«Beldurrez etorri naiz. Hankaz-eta ez nintzen oso bizi aurkitzen, esfortzu asko izan dira azken egunetan, baina uste dut nik nirea nahiko txukun egin dudala. Sakeari ez diot nahi bezain beste abiadura sartu baina ezker pareta ikutzen asmatu dut, lanerako ere gogoz, buruz sendo… Baina egia da Iñakik ez duela berea eman eta horregatik irabazi dudala horren erraz», aztertu du Ezkurdiak neurketa.

«Huts asko egin ditut, baina horren atzean dagoen arrazoia fisikoa da. Beti berandu iristen bazara pilotara eta behartuta, normala da akatsak egitea. Denbora asko egon behar izan dut geldi, eta oraindik ez nago nire mailarik onenean. Denbora beharko dut horra iristeko», azaldu du bere aldetik Artolak, eskuetan ere tako dezente jarriz dabilela gaineratuz.

Estatistikak

Pilotakadak: 168. Partidaren iraupena: 39 minutu eta 38 segundo. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 3-3, 3-4, 6-4, 6-6, 21-6, 21-8 eta 22-8. Sakez eginak: 9 Ezkurdiak eta 2 Artolak. Jokoan eginak: 14 Ezkurdiak eta 4 Artolak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak eta 4 Artolak. Gertaerak: Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenak, Eibarko Astelena pilotalekuan ateak itxita. Jokin Etxaniz Ezkurdiuaren botilero eta Beñat Urretabizkaia Artolarena.