INFO

Bengoetxea eta Altunaren arteko antzekotasunak agerian utzi ditu Bilboko piloten aukeraketak

Bengoetxeak eta Altunak material antzekoa hautatu dute larunbatean jokatuko duten Lau eta Erdiko finalerdirako, bai ezaugarriei begira baita pisuan ere. «Pilota berdintsua erabiltzen dugu», onartu du leitzarrak.

Jokin Altuna eta Oinatz Bengoetxea, gaur Bilbon aukeratutako pilotekin (ASPE)

Antzekotasun dezente dituzten bi pilotari dira Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altuna. Aurrelari biziak dira, "artista" esaten zaien horietakoak, fisikoki ere nahiko tankerakoak, erasokorrak, defentsan azkarrak… Eta gaur Bilbon egin duten pilota aukeraketan hori agerian gelditu da, material oso antzekoa hautatu dutelako, bai ezaugarriei dagokienez eta baita pisuan ere (Oinatzenak 104,1 eta 104,5 gramo; Altunarenak 104,4 eta 104,8 gramo).

«Pilotak gustatu zaizkit, egia esan. Material ona da, bai nik aukeratutakoa eta bai berea, biok pilota berdintsua erabiltzen dugulako. Ez dago inolako aitzakiarik», onartu du Bengoetxeak, adibidez. Eta Altunak ere berdin iritzi dio:«Material ona da, lau pilotak antzekoak dira, lurrean bizi ibiltzen direnak».

Altuna, ordea, Oinatz baino 12 urte gazteagoa da. Amezketarra bere ibilbidearen hasieran dago oraindik –hala espero dugu behintzat– eta leitzarrak badaki goi-mailan jarraitzeko bere azken aukerak izan daitezkeela hauek. Horrek denak egiten du erakargarri larunbatean jokatuko duten Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietako neurketa.

«Partida oso-oso zaila daukat. Badakigu Jokinek ikaragarri jokatzen duela pilotan. Pilotari latza da eta neurketa oso gogorra izango da», esan du Bengoetxeak aurkariari buruz. Gogoratu behar da leitzarrak Irribarria kanporatu zuela final-zortzirenetan eta final-laurdenetan ez zuela jokatu beharrik izan Urrutikoetxearen arazo fisikoengatik.

Jokin Altunak, aldiz, Danel Elezkanoren aurka jokatu zuen final-laurdenetan, eta lehen tantoetan asko sufritu zuen bizkaitarraren aurka (9-1 galtzen hasi zen). «Partidan sartzea kostatu zitzaidan, baina uste dut Danelen meritua izan zela, hasiera bikaina egin zuelako. Larunbat honetan ezin dut horrelako hasierarik egin, Oinatzek oso opari gutxi egiten dituelako. Partida azkarra espero dut, Oinatz erritmo oso altuan jokatzen duen pilotaria delako», aztertu du amezketarrak larunbateko dema.