INFO

Aitor Elordik eta Julen Egigurenek jokatuko dute Lau eta Erdiko promozioko finala

Mallabiarrak 22-13 irabazi dio Zabalari 3-7 galtzen joan ostean eta azpeitiarrak ezustekoa eman du Ezcaraikoari 15-22 gailenduta.

Elordik bere promozio mailako laugarren finala jokatuko du hurrengo larunbatean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Aitor Elordi eta Julen Egigurenek jokatuko dute hurrengo larunbatean Lau eta erdiko promozioko finala, gaur Gernikan jokatutako bi finalerdietan Zabalari (22-13) eta Dariori (15-22) irabazi ostean.

Buruz burukoan bere mailarik ematerik izan ez bazuen ere, promozio mailako finalak jokatzea ohitura moduko bat bihurtzen ari da Aitor Elordi mallabitarrarentzat eta bere ibilbideko laugarrena –bi ditu lehiatuak buruz buru eta beste bat binaka– jokatuko du datorren larunbatean Zabala errioxarrari 22-13 irabazi ostean. 

Berriro ere urduritasunak lotuta edo, bizkaitarrari kosta egin zaio partidan sartzea eta Zabala 3-7 aurreratu da markagailuan pilota oso bizi mugitu eta partidari erritmo bizia sartuz. Hori bai, sakea berreskuratu eta partida erabat irauli du Elordik 11-0eko partzial batekin. Lehen pilotakadarekin min handia egin du mallabitarrak –denera bost tanto sartu ditu zuzenean– eta Zabalak oso joko zuzena egin duen bitartean, alderik alde ibili du aurkaria Elordik (20-9), errematean asko asmatuz gainera.

Saiatu da Logroñoko aurrelaria, baina markagailua zertxobait txukuntzearekin konformatu behar izan du.

Egiguren, hasi eta buka

Julen Egigurenek, bere aldetik, bere profesionaletako ibilbideko lehen finala jokatuko du, partida bikaina osatuta, Dario kanporatu ostean. Azkenaldian aurrera pausu handia eman duen pilotaria da azpeitiarra, etxetik ideiak oso argi ekarri ditu, aurkariari ezkerra bilatu eta aurkitzeaz gain sake-errestoan oso ondo aritu da eta partida gogor batean, merezita lortu du finalerako txartela.

Hasiera-hasieratik argi ikusi da faborito zen errioxarra ez dela eroso egon kantxan, gauzak presaka egin eta kantxan lekua hartu ezinik, eta gipuzkoarrak markagailuan aurre hartu du berehala (3-9). Egigurenek, gainera, alderik alde mugitu du aurkaria, ez dizkio bi pilotakada leku berera bota eta partidan sartzerik ez du izan korrika asko egin behar izan duen errioxarrak.

Hori gutxi ez eta, sakez zenbait falta egiteaz gain, ezker orkatilan min hartu du Dariok, nahiz eta ez den ezer larria izan eta partida normaltasunez amaitu ahal izan du. Hori bai, kaiolara moldatu ezinda, garaipena urrun izan du une oro. Izan du markagailuan gerturatu den une bat (13-16), baina Egigurenek gauzak oso ondo egiten jarraitu du eta azkenerako amore eman behar izan du lehen mailako Buruz Burukoan horren txapelketa handia jokatu zuen pilotariak eta kaiola beste kontu bat dela jabetu da.