«Ezpatari nagusitzen zaio herria» ekitaldia, NAIZen ikusgai orain
Burgosko Prozesuaren 50. urteurrena dela-eta sortutako herri ekimenak ekoiztutako ‘Ezpatari nagusitzen zaio herria’ ekitaldia ikusgai duzue NAIZen. Abenduaren 19an, 20.00etatik aurrera ikusi ahalko da.
‘Ezpatari nagusitzen zaio herria’ ekitaldia da Burgosko Prozesua oroitu eta gaurkora ekartzeko xedea izan duen Burgos50 herri dinamikaren ekimen nagusia. Covid19ak eragindako izurri egoera dela-eta, ezin izan da espazio berean milaka lagun bilduko lituzkeen ekitaldia egin. Publikoa harmailatik etxeko sofara pasa eta egongelatik ikusteko moduko formara egokitutako ekimena da.
Burgosko Prozesua Euskal Herria berriz ere mundura zabaldu zuen gertakaria izan zen. Elkartasun uholde handia eragin zuena bertako kaleetan eta atzerrian. Burgos50 herri ekimenaren esanetan, «Frankismoa garaitu zitekeela erakutsi zuen gertakaria izan zen, eta Euskal Herrian askatasuna eskuratzeko zerumuga hurbildu zuen. Orduko emaria gaurdaino iristen da. Gaur ere, gazte belaunaldi berriek proiektu politiko beraren alde segitzen dute borrokan. Orduan ametsa zena, gaur eskuragarria den proiektu politiko sendoa da».
Ekitaldiak 1970eko gazteak eta gaurko gazteak batzen ditu. Itziar Aizpurua auziperatuak eta Sabino Cuadra militante independentistak gaur ere balioa duten orduko irakaspenak ekarriko dituzte gogora. Olaia Matxain militante gazteak Euskal Errepublikaren alde borrokan segitzeko konpromisoa hartuko du, lekukoa jasota. Roberto Perez eta Antonio Goñi, 1970eko hilabete nahasi haietan hildako bi kideak ere omenduko dituzte.
Mikel Soto idazlea da ekitaldiaren gidaria. Azken hitzean gogoraraziko du, Espainiar Estatuan independentisten aurkako errepresioak segitzen duela 50 urteren ondoren. Justu aste honetan Auzitegi Gorenak Bateragune auzia berriz epaitzeko hartu duen erabakia da horren azken adibidea.