INFO

Elkartasuna eta maitasuna helarazi diote Jaione Jauregi presoari Gantetik

Erbestean lau hamarkada eman eta gero, azaroan Ganten atxilotu, espaineratu eta kartzelaratu egin zuten Jaione Jauregi. Elkartasun eta maitasun mezuak etengabe helarazten dizkiote Flandriatik. Azken adibideak, aste honetan bertan.

Jaione Jauregiri elkartasun mezua Gantetik.

«We love Jaione» (Jaione maite dugu). Modu honetan helarazi diote elkartasuna Jaione Jauregi presoari Flandriako Gante hirian aste honetan zehar egindako hainbat ekintzetan. 40 urte zeramatzan erbestean euskal herritarrak. Azken 17ak Flandrian eta azaroan atxilotu zuen bertako poliziak.

Lau egun eman zituen hango espetxe batean eta, horren ostean, espaineratu egin zuten. NAIZi, elkarrizketa baten bidez, adierazi zion moduan, «beste inor honetatik ez pasatzea» da helburua. «Erbestean lau hamarkada ez al dira nahikoa zigor?», galdetu zuen.

Espainiar Entzutegi Nazionaleko epaileak, ihes egiteko «arrisku handia» argudiatuta, espetxera bidali zuen Jauregi.

Gantetik, hilabete igarota, elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi izan diote, igorritako mezuen bitartez.

   

1981. urtean ETAk Bizkaian eginiko atentatu bat egozten orain Jauregiri Madrilen. Gogoratu behar da urte hartako beste ekintza bati zegokion auzia itxi egin zuela Auzitegi Nazionalak aurtengo otsailean, gertatutakoa jada preskribaturik zegoela onetsita.

Zenbait alditan ukatu zuen Belgikak espaineratzea, Jauregiren eskubideak agian ez zirela errespetatuak izango argudiatu zuen Ganteko auzitegi batek eta erabakia berretsi egin zuten Bruselan ere. Hala ere, zenbait aldiz ukatu ondoren, belgikar auzitegiek bide eman zioten.