INFO

Johañe Etchebest izendatu dute Euskal Kultur Erakundeko zuzendari berri

Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko misio arduraduna zen Johañe Etchebest errient ohiak ordezkatuko du, otsailetik aitzin, azkeneko 24 urtez Euskal Kultur Erakundeko buru izan den Pantxoa Etchegoin.

Johañe Etchebest izanen da EKEko zuzendari berria. (Marion LASTIRI/ EKE)

Euskal Kultur Erakundeko (EKE) Administrazio Kontseiluak 2020ko abenduaren 3an izendatu zuen Johañe Etchebest zuzendari berri bezala, eta 2021eko otsailaren 1ean jabetuko da karguaz.

1980an Biarnoko Oloron-Sainte-Marie herrian sorturik, Zuberoko Ligi-Atherei herrixkan hazi zen Etchebest, gaztetatik denbora franko eman zuelarik bere amaren sorterria den Larrainen.

Alozeko ikastolako ikasle ohia, Etchebestek Mauleko kolegio publikoan eta ondoren lizeoan ikasi zuen.

Euskal Ikasketak ikasi zituen Baionako uniberstitatean, eta 2001ean bere lizentzia lortu ondoren irakaskuntzan hasi zen. Euskarazko irakasle gisara jardun zuen 2003 eta 2012 artean. 

Dantzazale pasionatua betidanik, Kattin eta Robert Larrandabururen eta baita Maialen Etxetoren ikasle izan zen Larrainen. Ondoren, Jean-Pierre Recalt-ekin jardun zuen, Altzain.

Dozena bat maskaradatan partu hartu du eta 2015az geroztik Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko misio arduraduna da Johañe Etchebest.

Tokiko kultura munduan biziki inplikatuta, gazte zuberotarra kultura elkarte desberdinen administratzailea izan da. Batzuk soilik aipatzeko, bere itzala utzi du EKEko zuzendari berriak Larraineko Maskaradak edo Aitzindariak kultur egitasmoetan.

Bertzalde, koreografo, dantzari eta musikari gisara hainbat konpainiatan, hala nola Kautere Balet, Konpany Beritza edo Elirale dantza taldean parte hartu du.

EKEk bere webearen bidez jakitera eman du izendapenaren berri. Etchebestek Pantxoa Etchegoienen segida hartuko du, lehenengoak azkeneko 24 urteetan aipaturiko erakundean lan franko egin ondoren bere erretreta hartuko baitu 2021ko urtarrilaren 30ean.