INFO

U9an urraketaren kontra kalera ateratzeko gonbita biderkatu dute Sarek eta Bakegileek

Euskal presoek pairatzen duten eskubide urraketarekin behingoz amaitzeko aldarrikapenarekin mobilizazioak eginen dira urtarrilaren 9an Euskal Herria osoko hiri eta herrietan Sarek eta Bakegileek deituta. Deia berretsi dute gaur.

Sare eta Bakegileen ordezkariak gaur Donostian egin duten agerraldia hasi aurretik. (Jon URBE/FOKU)

Urtarrilaren 9an 17.30ean. Hori da presoen eskubideen urraketarekin amaitzeko Estatu espainol eta frantsesari dei egiteko Sarek eta Bakiegileek antolatu duten mobilizazioaren zita. Baionan giza kate argitsua egingo dute, baina hitzordua Euskal Herri osoko herrietan da.

Azkenaldian «itxaropenerako izpiak» ikusi baldin badituzte ere, aferarekin ahalik eta lasterren amaitzearen beharra nabarmendu Mixel Berhokogoin eta Joseba Azkarragak gaur Donostian egin duten agerraldian.

«Itxaropenerako izpi» horien artean Estatu espainolaren partetik ia astero ematen diren hurbilketak eta Ipar Euskal Herrian Xistor Haranbururen askatzea aipatu dituzte.

Dena den, argi eta garbi utzi dute hurbilketa horiekin ez dela urruntze-politikarekin amaitu. Izan ere, preso horiek gerturatu badituzte ere ez daude Euskal Herriko kartzeletan eta euren senideek ehunka kilometro egitera behartuta daude.

«Beraz, ez gaude urruntze-politikaren amaieran. Familia batzuen egoera arindu da, kilometro gutxiago egin behar baituzte senide presoa bisitatzeko, baina ezin dugu normalizatutzat jo normalizatua ez dagoen egoera», nabarmendu dute.

«Urruntze-politikaren amaiera egitate bat izango da preso guztiak Euskal Herrian daudenean», aldarrikatu dute.

Gradu-progresioa onartu behar dela gaineratu dute. Izan ere, gaur egun 107 preso lehen graduan daude oraindik, 70 bigarrenean eta bederatzi baino ez hirugarrenean.

Honekin batera, azken bederatzi hilabeteotan 80 neska-mutikok baino gehiagok ez dute aukera izan gurasoekin izateko eta horietako askok mila kilometrotik gora egitera behartuak ziren pandemia hasi baino lehen.

Estatu frantsean azken urtean «blokeo inportante» batekin topo egin dutela gogoratu dute. Izan ere, «gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta borondateari uko eginez, iraganari kateatuz, bide juridikoak deuseztatzeko apustua egin zuen Fiskaltzak».

«Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen die epe hau ez luzatzeko. Haien legedia aplikatzeko eta gizatasunez jokatzeko. Eta politikan, epaitegietan eta komunikabideetan jarduten duzuenei eskatzen diezu ez dezatela erabili indarkeria gaur egun errealitatea balitz bezala», gaineratu dute.