INFO

Zesta-puntaren egoera aldakorrean, hautsitako errekorra «hauspoa» izan daitekeela sinetsita

Zesta-puntaren egoera aldakorra izaten dela onartu du Iñaki Osa Goikoetxe puntistak Efe agentziari emandako adierazpenetan. Urrian ezarritako errekorra hauspo egokia izan daitekeelakoan da. Inoiz zesta-puntako pilota batek harrapatutako abiadura handiena lortu zuen (313 kilometro orduko).


Iñaki Osa Goikoetxea puntistak hamarnaka txapel eskuratu ditu; zenbaitek diote XXI. mendeko zesta-puntako jokalari onena dela. Bere izena, baina, beste errekor batek jarri du lehen lerroan. Duela pare bat hilabete, zesta-puntako pilota batekin lortzen den abiadura marka berria ezarri du berriki; 313 kilometro orduko abiadura harrapatu zuen pilotak Alcañizeko zirkuituan (Teruel), hain zuzen ere. Saskiaren ezaugarri berrituei esker lortutako errekorra izan da, zeina ingeniaritza ikasleek sortutakoa izan zen.

Marka orduko 8 kilometroan hobetu zuen Zumaiako puntistak, Dani Pedrosa MotoGP-ko gidariarekin batera eta Red Bull edari energetikoen enpresak babestutako esperientzia berrian. Goikoetxeak adierazten duenez, zesta-punta modernizatzeko aukera desberdinak eskaintzen dituen proiektu baten emaitza da.

«Ideia hau duela lau urte hasi ginen garatzen, baina arrazoi desberdinak zirela-eta, atzeratzen joan da» azaldu du Goikok Efe agentziak jasotako elkarrizketa batean. Oraindik ere Miamin dago lehiatzen hamaika aldiz Munduko txapelketa irabazi duen puntista.

Unibertsitate ikasleek gainditutako erronka

Aipatu legez, errekorraren atzean "Red Bull Jai Alai Challenge" proiektua dago. Hau, ingeniaritza ikasleentzat zuzendutako erronka bat izan da. Bertan, proposatzen zitzaien 305 kilometro orduko errekorra gainditu zezakeen otzara bat eraikitzea.

80 ideia baino gehiago aurkeztu zituzten eta saskiaren profil berri bat sortzea proposatzen zuen proiektua gailendu zen. Eneko Vicente Hernandez eta Victor Manuel Guadaño Unibertsitate Politeknikoko Aeronautikako eta Alejandro Jimenez Complutenseeko Matematika eta Informatikako ikasleek elkarlanean egindako emaitza izan zen. Profil berria sortzeaz gain, karbono-zuntza egokiena zela zehaztu zuten.

Proposamena, baina, errealitate bilakatu behar zen eta Iñigo Calzacorta pilotari ohia arduratu zen horretaz. xistera berri hau karbonoz eta aluminioz eraikia izan zen; orain arte ohikoak izan diren egurra eta gaiztaina-zuma bezalako materialen oso bestelako osagaiekin, alegia.

«Zesta-punta, orain arte, kirol oso tradizionala izan da. Aldaketa bat egon dadin, teknologia eta material berriak funtsezkoak dira. Etorkizun batean oso garrantzitsuak izango dira», adierazi du Goikoetxeak.  

«Errekorra presio dezenterekin bizi izan nuen»

Ja behin saskia esku artean edukita eta koronabirusan eraginez txapelketetan egon zen geldialdia probestuta, Goikok erronka prestatzeari ekin zion eta Pedrosa MotoGP-ko txapeldunarekin elkartu zen Alcañizeko zirkuituan.

«Presio dezenterekin bizi izan nuen: lehenengo eszena guztiak grabatu genituen eta ondoren garrantzitsuena geratzen zen, pilota jaurtitzea. Proba egitea egokitu zitzaidanean estres handiko unea izan zen, errekorra bai ala bai egin nahi nuelako. Pena zitzatekeen lortuko ez banu», azaldu du Osa Goikoetxeak marka hautsi zuen jaurtiketa hori gogoratzean.

Jaurtiketa radar baten bitartez neurtu zen balentria behar bezala erregistratuta geratzeko. Berarekin batera, Pedrosak radar bera erabil zuen zirkuituan bere motoarekin pare bat itzuli eman eta hala, sentsazioak elkarbanatzeko.

Iñaki Osa Goikoetxea, 2004ko Euskadiko txapelketa irabazi berritan. (Andoni Canellada / FOKU)

Zesta-puntaren egoera aldakorra

Goikoetxea puntistak zesta-puntaren egoera ere baloratu du. Bere ustetan "errusiar mendia" moduko egoera bizi du kirolak, jarraitzaileen gorakada eta beherakaden ondorioz. «Orain Frantzian gorantz doa, Mexikon ere hobetzen ari da, Euskal Herrian ere hobetu da egoera naiz eta txapelketa mugatuak egiten diren… Egoeraren araberakoa da», azaltzen du.

Zumaiarra 19 urte egin zen AEBtan lehiatzen eta egun, Floridan dago. Hain zuzen, Floridan lege bat dago zeinak derrigortzen duen frontoiak aktibo mantentzera kasinoak (poker edo joko-makinetara jokatzeko) irekita eduki nahi izanez gero

«AEBtan 70 edo 80 pilotari egongo dira, gutxi gorabehera. Gehiengoa ez da euskalduna, estatubatuarrak, kubatarrak edota mexikarrak ere badaude», dio gipuzkoarrak. Bere kasuan, egun, txapelketak dauden unean bidaiatzen du Miamira, atsedenaldietan Zumaian deskantsu hartzeko. Aurten, urtarrilean itzuliko da etxera.

Zesta-puntaren jarraipen handiena AEBetan eta Euskal Herrian egiten dela ziurtatu du puntistak eta hain zuzen, Ipar Euskal Herrian edota Estatu frantsesean kirol hau sustatzeko egiten ari diren ekimenak eredutzat hartu behar direlakoan da zumaiarra. «Bertan, zesta-punta partida barne hartzen duen afariak eskaintzen dituzte; hala, afari-osteko kopatxoa partida ikusten zauden bitartean hartu dezakezu. Oso ondo egiten ari dira», iritzi du.

Bere aldetik, errekorra hautsi duen ekimen honekin hartu du parte zesta-punta bultzatu asmoz. Saski hau neurketa ofizial batean erabiltzea gustatuko litzaiokela ere onartu du. «Espero dut horrelako gauzek kirola gehiago jarraitzeko balio izatea. Pausoz pauso goaz», nabarmendu du.